Iker Irribarriak eta Julen Martijak agur esan diote Sanferminetako Binakako Torneoari, orain arte jokatutako bi partidak galdu eta gero. Barriolaren eta Zubietaren bajak betetzeko pilotari gazteei aukerak ematen ari da Aspe, eta Martijaren aldeko apustua egin zuen sanferminetarako.
Ostiralean debutatu zuten Iker Irribarriak eta Julen Martijak. Bengoetxea VI.a eta Beroiz izan zituzten aurkari. Irribarriak eta Martijak ederki estutu zituzten leitzarra eta uhartearra, baina landu beharreko xehetasun txikietan ihes egin zitzaien partidak. 20 eta 21 urte dituztela kontuan hartuta, normala. Alde gutxiarekin, 22 eta 18 irabazi zuten Bengoetxea VI.ak eta Beroizek.
Torneoko bigarren partida igandean jokatu zuten, Urrutikoetxea eta Larunberen kontra. Bi bikoak ongi aritu ziren baina Urrutikoetxeak, nahiz eta azkenera arte zalantza izan, gastroenteritisak jota egon baitzen, zehaztu zuen partidaren erritmoa. Beroa arerio izango zela jabetuta, Urrutikoetxea hasieratik Martijaren ahuldadea bilatzen hasi zen: ezkerreko eskuarekin egin beharreko errestoak. Izan ere, eskuinarekin jo zituen pilota ia guztiak gozatu zituen Etxeberrikoak, baina ezkerra bere ahulgune bat da eta hori nabaritu zen, hor tanto batzuk ihes egin baitzitzaizkion. Laura berdindu zuten Aspekoek, baina hortik aurrera ihes egin zuten Asegarcekoek eta aldea ateratzen hasi ziren. Martijari lana pilatzen hasi zitzaion eta Irribarriaren laguntza gehiago faltan bota zuen Etxeberrikoak; gerriko gorria galdu zuenetik gipuzkoarra ez da ohikoa; ez du garaipenik lortu. Horrela, 15 eta 6 aurreratu ziren Urrutikoetxea eta Larunbe. Irribarriak eta Martijak ongi erantzun zuten eta 18 eta 14 hurbildu ziren hasieran, gero 21 eta 19 gerturatzeko. Baina Urrutikoetxeak eta Larunbek garaipenaren tantoa egin zuten eta Irribarria eta Martija txapelketatik kanpo utzi zituzten.
Altuna III.a eta Zabaleta, gaur irabaztera behartuta
Sanferminetako Binakako Torneoaren barruan gaur gauean (22:15) Olaizola II.a eta Albisu izango dituzte aurkari Altuna III.ak eta Zabaletak. Ezkurdiaren eta Rezustaren kontra galdu egin zuten Altuna III.ak eta Zabaletak, 22 eta 15, eta, hortaz, txapelketan jarraitu nahi badute, gaur Olaizola II.a eta Albisu irabaztera derrigortuta daude. Jaialdia zabaltzen duen partidan, Joanes Bakaikoak eta Salaverrik Elordi eta Merino izango dituzte arerio.
Aipatzekoa da larunbatean Ezkurdiak eta Rezustak Altuna III.aren eta Zabaletaren kontra jokatutako partidan arbizuarra izan zela onena. Altuna III.a eta Zabaleta ez ziren ongi aritu; nahasita, akats ugari egin zituzten; horrek airea eman zien Ezkurdiari eta Rezustari eta garaipen erosoa lortu zuten (22 eta 15). Ea Altunak eta Zabaletak egoerari buelta eman eta Olaizola II.aren eta Albisuren kontra gaur partida bikaina egiten duten.
Ezkurdia eta Rezusta, asteazkenean
Asteazkenean jokatuko dute Sanferminetako Binakako Torneoko bigarren partida Ezkurdiak eta Rezustak, Olaizola II.aren eta Albisuren kontra (22:15). Jaialdia zabaltzen duen partidan, Agirre eta Iturriagaren kontra ariko dira Ugalde eta Lasa IV.a.