Ostiralean, arratsaldeko bostetan hartu zuten irteera Ehunmilak lasterketan (168 km), Gipuzkoako 2 Handietan (88 km) eta Marimurumendi mendi maratoian (42,195 km) parte hartu zuten mendi korrikalariek. Erronka handia zuten guztiek aurretik, puntako lasterketa gogorra.
Proba luzeenean, Ehunmilak lasterketan (168 km) Javi Domingez gasteiztarrak puntan jarraitzen duela erakutsi zuen berriro et probako jaun eta jabe izan zen. 22 ordu eta 22 minutu behar izan zituen proba despeditzeko (22:22:03). Ia ordu bat atera zion Jon Aizpuru beasaindarrari (23:14:38). Sakandarrei dagokienez, bik lortu zuten proba despeditzea. Joxeja Maiza etxarriarrak sekulako maila eman zuen eta 35.a sartu zen helmugara, (30:41:27), 30 ordu baino gehiago lanean egon eta gero. Eta Oihan Mendinueta arbizuarra 206.a sailkatu zen (46:31:18). Emakumezkoetan Silvia Ainhoa Trigueros bizkaitarra gailendu zen (28:45:17).
Probaren gogortasunaren isla, 384 korrikalarik hartu zuten irteera baina horietatik 214k lortu zuten despeditzea, eta 170 korrikalari erretiratu ziren, Aritz Munarriz etxarriarra eta Patxi Rubio uhartearra tartean.
Gipuzkoako 2 Handiak proban (88 km), aldiz, 360 korrikalarik lortu zuten lasterketa osatzea eta 104, aldiz, erretiratu egin ziren. Sant Celoniko Daniel Agirre (10:17:12) eta Aitziber Osinalde legazpiarra (13:02:28) izan ziren txapeldunak. Julen Arratibel etxarriarra 250.a sailkatu zen (18:03:16) eta Felix San Roman altsasuarra erretiratu egin behar izan zen.
Marimurumendi mendi maratoian (42,195 km) 198 korrikalari aritu ziren eta 14 erretiratu egin ziren. Bartosz Gorczyca (3:39:19) eta Ester Casajuana (4:27:22) nagusitu ziren. Ez zen korrikalari sakandarrik aritu.