San Fermin Herri Kirol Jaialdien barruan, gaur, garilaren 11n, asteartean, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko da, eguerditik aurrera, Iruñeko Foru plazan. Lehiatuko diren 11 aizkolarien artean Joan Flores arbizuarra, Ander Jaka etxarriarra eta Iker Gorriti uhartearra daude. Beraiekin batera Jesus Etxeberria (Beintza Labaien), Koldo Garcia (Uharte), Moises Gogorza (Ezkurra), Eneko Pagola (Anotz), Jacinto Etxekonanea (Behintza Labaien), Xuban Kañamares (Arostegi), Victor Suarez (Madrid) eta Emilio Garcia (El Espinar) lehiatuko dira. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte eta onenek egingo dute aurrera txapelketan.
Ondoren, Nafarroako Kadete mailako Trontza Txapelketa jokatuko da. 5 bikote lehiatuko dira, tartean, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako bi: Inhar Astitzek eta Aimar Arañak osatutakoa eta Irati Igoak eta Axular Jakak osatutakoa. Unai Aleman eta Xabier Mitxelena (Basaburua-Baztan), Xabier Arraztoa eta Imanol Etulain (Basaburua-Baztan) eta Josu Elizalde eta Beñat Goikoetxea (Araxes) izanen dituzte aurkari. Etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai edo mozte egin beharko dizkiete. Azkarrenak Nafarroako txapeldunak izango dira.
Eta astearteko herri kirol eskaintzarekin bukatzeko, herri kirol proba konbinatu erakusketa eginen dute kimuen mailako Andra Marik, Igantzik, Berriozarrek eta Artzanegik.