Jokin Altunak eta Jose Javier Zabaletak Aimar Olaizola eta Jon Ander Albisu izan zituzten aurkari atzo Sanferminetako Binakako Torneoko ligaxkan, gainezka zegoen Labrit pilotalekuan. Altuna eta Zabaleta Ezkurdia eta Rezustaren kontra galtzetik zetozen, eta finalera sailkatzeko aukerak izateko irabazi beharrean zeuden. Baina Olaizola bikain aritu zen, Etxarrengoak ez zuen bere gau onena izan eta, azkenean, 22 eta 10 irabazi zuen Asegarceko bikoak.
Hasieratik gogor errematatzen hasi zen Aimar Olaizola. Ia konturatu gabe 11 eta 0 aurreratu ziren bera eta Albisu. Altuna bi egun jarraian jokatzetik –Sanferminetako lau t´erdiko finala eta Sanferminetako Binakako Torneoko lehen partida– errekuperatuta zetorren, baina Zabaletak ez zion beste batzutan bezala lagundu; ez zuen asko gozatu eta nahikoa akats pilatu zituen. Horrela, azkenean, Olaizola II.a eta Albisu gailendu ziren eta txapelketatik kanpo geratu dira Altuna eta Zabaleta.
Bihar, asteazkenean, Olaizolak eta Albisuk Ezkurdia eta Rezusta izango dituzte aurkari. Irabazleak Sanferminetako Binakako Torneoko finala jokatuko du ostiralean.
Sanferminetako balorazio positiboa egin du Julen Martijak
Irribarriarekin osatu du bikotea Julen Martijak Sanferminetako Binakako Torneoan. Bi partidak galdu dituzte eta txapelketatik kanpo geratu dira, baina, hala ere, balorazio positiboa egin du Etxeberrikoak. “Bi partida konplikatu izan dira, biak galdu ditugu baina egindako lanarekin kontentu nago. Lehen partidan gutxiago sufritu nuen, baina igandean, beroarengatik edo, presio gehiago nabaritu nuen tarte batzuetan. Nolanahi ere, egindakoarekin konforme nago” adierazi du Martijak. Lehen mailako partidetan dauden ezberdintasunak ere nabaritu ditu Etxeberrikoak. Partidari erritmo ezberdina jartzen diotela eta pilotak gehiago ateratzen direla nabarmendu du. “Baina uste dut nahiko ongi moldatu naizela. Ea hemendik aurrera ze partidak jartzen dizkidaten eta nola moldatzen naizen. Altuera gehiago eman behar zaio pilotari, eta sakeen errestoan ere altuera gehiago eman behar dut. Hasieran kosta egin zitzaidan baina uste dut aurrelariei pilota kendu diedala eta alde horretatik kontentu nago” gaineratu du Etxeberrikoak.