Txirrindulari sakandarrek primerako denboraldia daramate. Kadeteen mailan orain arte Aralar klubeko Intersport Irabia (I.I.) taldeko Igor Arrieta eta Aitor Alberdiren eta Burunda klubeko Quesos Albenizko (Q.A.) Iker Mintegiren garaipenez gozatzeko aukera izan dugu, eta asteburuan izen hauei Intersport Irabiako Urko Gorritirena gehitu zaie, uharte arakildarrak igandean jokatutako Arrasateko II. Saria irabazi baitzuen.
Arrasatekoa lasterketa nahasia izan zen. 49 txirrindularik lortu zuten probako 65 kilometroak gainditzea, eta laukote bat iritsi zen helmugara batera. Esprint estuan, Urko Gorriti gailendu zen (1:28:08). Iker Mintegi (Q.A.) talde berean zegoen eta laugarrena sailkatu zen, denbora berean. Eta Inhar Astitz (I.I.) 18.a sartu zen (1:29:58). Garaipen honekin bere palmaresa mustu zuen Urko Gorritik.
Juniorrak Mendaron
Juniorrek X. Javier Ezenarro Oroitzarrea izan zuten jokoan larunbat arratsaldean Mendaron (84 km). Victor Alvaro Construcciones taldeko Aitor Larrañagak irabazi zuen, esprintean (2:12:50). Ailetz Lasa (Q.A.) 21.a sartu zen, Iñigo Fernandez (Q.A.) 23.a, Juan Riaño (Q.A.) 37.a, Beñat Etxezarreta (I.I.) 41.a, Imanol Galarza (I.I.) 48.a, Javier Mitxaus (I.I.) 49.a eta Xabier Mauleon (I.I.) 59.a.