San Fermin Herri Kirol Jaialdien barruan asteartean Kadeteen Mailako Nafarroako Trontza Txapelketa jokatu zen. Hasieran 5 bikote lehiatzekoak ziren, baina 4 aritu ziren azkenean, tartean Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako bi bikote. Etzanda jarritako enborrari 10 epai edo mozte egin behar zizkioten eta azkarrenak Basaburua-Baztango Unai Aleman eta Xabier Mitxelena izan ziren (5:38), Araxeseko Josu Elizalderi eta Beñat Goikoetxeari minutu erdi pasa aterata (6:05). Andra Mariko Axular Jaka eta Aimar Araña hirugarrenak sailkatu ziren (7:23) eta Andra Mariko Irati Igoa eta Pello Altzelai laugarrenak (8:55).
Gorriti, Flores eta Jaka aizkoran
Iruñeko Foru Plazan astearteko jaialdian aizkoraz gozatzeko aukera izan zen. Izan ere, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zen. 10 aizkolari lehiatu ziren eta bi kanaerdiko erdibitzea izan zen euren lana. Xuban Kañamares izan zen azkarrena (6:21); Moises Gogortza (6:47) eta Jesus Etxeberria (6:53) aizkolarien aurretik. Aizkolari sakandarrei dagokienez, Iker Gorriti uhartearra 5.a sailkatu zen (8:06), Joan Flores arbizuarra 7.a (10:35) eta Ander Jaka etxarriarra 9.a (16:35).
Andra Mari txapelduna proba konbinatuan
Astearteko herri kirol jaialdian herri kirol proba konbinatuaren erakusketa antolatu zuten. Hiru talde lehiatu ziren, tartean Etxarri Aranazko Andra Mari ikastola. Hain zuzen ere, Andra Mari izan zen irabazlea, Igantzi eta Artzanegi taldeen aurretik.