Basque Ultra Trail Series lasterketa, atzetik

Guaixe 2017ko uzt. 17a, 15:53

Agorrilaren 4an Iruñea-Donostia etapa osatuko da eta Dantzaleku-Sakana klubekoek etapako lehen zatiko itxiera lana eginen dute (Iruñea-Irurtzun). Norbaitek esperientzia horretan parte hartu nahi badu, animatzeko deia egin du klubak

Trail 52 Sport Mendi Kluba taldeak Basque Ultra Trail Series (BUTS) 2017 antolatu ditu, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak mendirik mendi batzen dituen mendi lasterketa erraldoia. Bere garaian Xebe Peñak lau hiri hauetako katedralak batzeko ideiaz aritu zen eta handik dator ideia. Guztira lau etapa dira, hiriburuz-hiriburu egiten direnak.

Lehendabiziko etapa Bilbon hasi zen, otsailaren 24an, eta Gasteizen despeditu zen, otsailaren 26an (110 km). Bigarren etapan Gasteiz eta Iruñea lotu zituzten, maiatzaren 5a eta 7a artean (130 km). Etapa hau Sakanatik pasatu zen. Zehazki, Lautadatik, Andoingo portutik Urbasa-Andiara sartu zen eta Urbasa-Andia zeharkatuta, Ergoienatik Beriaingo igoerari ekin zioten, Ollotik barna aurrera egiteko, Iruñeraino.  Hirugarren etapa Iruñatik abiatuko da, agorrilaren 4an, eta agorrilaren 6an despedituko da Donostian (120 km). Etapa hau ere Sakanatik pasako da, Arakildik eta Irurtzundik, zehazki. Eta azken etapak Donostia eta Bilbo lotuko ditu, urriaren 6a eta 8a bitartean (140 km).

Bada, Dantzaleku Sakana klubak BUTS probaren antolakuntzan parte hartu zuen eta agorrilaren 4a eta 6a bitartean jokatuko den hirugarren etapan ere hala egingo du. “Gasteizen hasi eta Iruñean despeditu zen etapa antolatzen ari zirela, proba pasatzen zen tokietako mendi klubekin harremanetan jarri ziren, tartean gurekin, antolakuntzan gure laguntza eskatzeko” adierazi digu Dantzaleku Sakanako Marijo Arza presidenteak. Opakuan hasi ziren lanean Dantzaleku-Sakanakoak, 12:00etan, eta Lizarragaraino joan beharra zuten, atzean, martxa isten, balizak eta seinaleak kendu eta norbait atzean geratzen bazen, haiek atendituz. 21:00etan iritsi ziren Lizarragara eta beste mendizale batzuei pasatu zieten erreleboa. “Esperientzia bikaina izan zen. Dantzalekuko lau kidek egin genuen bide hori. Larrialdietarako ekipoa generaman, talkiak tartean, Gurutze Gorria eta BUTS-eko antolakuntzakoekin koordinatuta egoteko. Bideko seinaleak kendu, dena txukun utzi eta atzean geratzen zirenak atenditzea izan zen gure lana. Orain, BUTS-ekoek agorrilaren 4an Iruñatik aterako den hirugarren etaparako ere laguntza eskatu digute eta gu prest gaude” gaineratu du klubeko kide Peio Bergarak.

Iruñea-Irurtzun tartean itxiera lana egindo du Dantzaleku Sakanak
BUTS probako hirugarren etapa Iruñetik abiatuko da, agorrilaren 4ko gauerdian, ostiraletik larunbaterako gauerdian, 24:00etan, Iruñeko Gaztelu Plazatik. Mendi korrikalariek Oteizako bidea hartuko dute, Larunbera iritsi eta bertatik, Arakilen sartu eta Irurtzunera iristeko. Bertan hornidura eta kontrol gunea izanen da. Ondoren Lekunberrira iritsiko dira, Ireber igoko dute, Aresora iritsiko dira eta Gipuzkoan sartuko dira, Berastegin. Olloki, Besabi eta Santa Barbara gaindituta, Donostiara helduko dira, igandean, goizeko 10:00etatik aurrera.

Mendizaleei deia
Dantzaleku Sakana klubeko kideek Iruñea eta Irurtzun bitarteko itxiera lana egingo dute. Aurreko etapan bezala, seinaleak eta balizak kendu eta guztia txukun utziko dute, eta atzean gera daitezkeen korrikalariei laguntza emango diete. Dantzalekukoek lan hori egiteko jendea badute, baina mendizale batendako halako puntako lasterketan laguntza ematea eta gauez mendi ibilaldi bat egitea primerako esperientzia denez, beraiekin mendian buelta egitera animatu dituzte mendizaleak. “Aurreikusten da ostiral gaueko 24:00etan aterako garela eta goizeko 8:00etan iritsiko garela Irurtzuneko kontrol gunera. Han beste klub batek erreleboa hartuko digu. Esperientzia zoragarria izango da eta, horregatik, buelta hau egin nahiko luketen mendizale guztiei deia egiten diegu. Animatu daitezela. Ez dute lan egin beharko hala nahi ez badute, gauez mendi buelta hau egitera animatu daitezela, besterik gabe. Halako lasterketa potoloa, Iruñean egongo den giroa, eta gauean, frontalekin halako ibilbidea egitea esperientzia bikaina izanen da mendizaleondako. Beraz, etorri nahi dutenek ateak zabalik dituzte, gurekin harremanetan jar daitezela edo, besterik gabe, agorrilaren 4an, gauerdian, Iruñeko Gaztelu plazan agertu daitezela” adierazi du Marijo Arzak.

www.basqueultratrail.com
Probako informazio guztia, ibilbidea, ordutegiak, sailkapenak eta beste barne.