Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) etorkizuneko tren lotura zehazteko bilera egin zen Madrilen atzo. Ekonomia Garapeneko lehendakari-orde Manu Aierdi EAEko Ekonomia Garapen eta Azpiegitura kontseilari Arantza Tapiarekin eta Sustapen ministro Iñigo De la Sernarekin elkartu zen. Bilkuran erabaki zuten teknika eta ingurumen ikuspegietatik bideragarrien diren bi alternatiben informazio-azterketak abendurako egina egon beharko duela.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, bi aukerak “sakontasunez aztertu beharko dira, bakoitzaren onurak eta eragozpenak zehaztu ahal izateko. Eta, horrela, aukera onena zein den finkatzeko. Beti ere, kontuan izanik aukeratutako konponbideak prestazio handiko Europako estandarrekoa izan behar duela”. Gobernutik gaineratu dutenez, “azterketak zehaztuko du zein aukerak eskaintzen dituen tren-, funtzio- eta ekonomia-berme onenak, baita ingurumen eragin txikienak ere”. Azterketa 1:50.000 eskalan eginen da.
Esan bezala bi aukera daude. Aurrena Iruñea eta Gasteiz artean 76 km-ko trenbide bikoitzeko plataforma eraikitzea ekarriko luke eta Euskal Y-koarekin Gasteizen lotuko litzateke. 720 milioi euroko aurrekontua luke (BEZa kanpo). Bigarren aukera Iruñea eta Ezkio artean 50 km-ko trenbide bikoitzeko plataforma eraikitzea litzateke. Ezkio eta Y-koaren arteko lotura baten bidez iritsiko lirateke trenak Nafarroara, eta alderantziz. 1.670 milioi euroko aurrekontua luke (BEZ kanpo). Bi aukeretan trenbideek nazioarteko zabalera estandarra lukete.
Ingurumen-inpaktu adierazpena
Hego Euskal Herriko bi erakundeek estatuarekin protokoloa sinatua dute eta horren arabera hiru aldeen artean adostuko dute bi lurraldeetako prestazio handiko tren sareak nola lotu, Kantauri-Mediterraneo ardatzari segida emanez, baita Europako loturari ere. Protokolo horren barruan, atzoko bileran hiru administrazioetako ordezkariek adostu zuten 2018aren akaberarako behin-betiko ingurumen-inpaktu adierazpena egina egotea. Ezinbestekoa den adierazpen hori lortzeko Sustapen Ministerioak beharrezko urratsak eginen dituela hitz eman du.
Tapiak eta Aierdik bat egin zuten esatean foru erkidegoko tren sarea Europarekin lotzeko “beharrezkoa” dela “Nafarroako korridoreak Euskal Y-koarekin lotura zuzena eta azkarra izatea. Aldi berean, aukera emanez foru erkidegoa EAEko hiru hiriburuekin eta Pasaia eta Bilboko portuekin lotzeko”. Azaldu dutenez, merkantziak eta bidaiariak eramateko gai den lotura dute buruan.