Turismo bulegoak Aralarren eta Altsasun

Guaixe 2017ko uzt. 14a, 14:32

Odei Murugarren bisitariei argibideak ematen Aralarren.

Turistei Sakanari buruzko argibideak emateko bulegoek joan den asteko ostegunean zabaldu zituzten ateak, eta iraila erdialdera arte izanen dira zabalik. Aralarko bulegoa kudeatzeko Plazaola turismo partzuergoarekin batera kudeatzeko hitzarmena lantzen ari dira.

Sakanako Plan Estrategikoan turismoa landu beharreko esparruetako bat zela jaso zen. Horregatik, joan den urtean turismo teknikaria kontratatu zen, Paki Urbitarte. Aurten, berriz, turismo bulegoak zabaldu dira uda partean. Hori ere Sakanako Plan Estrategikoan jasoa baitago.

Aralarko santutegiko aterpearen parean eta Altsasuko tren lokomotoran daude kokatuta turismo bulegoak. Azken hori horretarako prestatua dago eta aurretik ere erabilera hori izan du. Aralarren turistendako informazio bulegoa jartzearen arrazoiez galdetuta, Urbitartek azaldu digu joan den urtean Bizibiziki turismo aholkularitza enpresarekin turismo eta informazio puntuen kokapenaren inguruan egindako azterketaren ondorio izan dela. Aralarkoak bi helburu ditu. Aurrena, Aralarrera joaten diren turista kopurua zenbatzea eta haien beharrak eta eskaerak zein diren jaso. Bigarrena, bisitariei Sakanako turismo baliabideen berri ematea da. Eta azaltzea Uharte Arakilgo pistatik jaitsita ibarra ezagutzeko aukera dutela.

Bi turismo bulegoetan Sakanako informazioa izanen da. Horretarako, Sakanako Garapen Agentziak aurretik zeuden turismo euskarriak berriro argitaratu ditu. Horiek ibarreko alojamenduen eta jatetxeen zerrendekin, garraio ordutegiekin eta bestelakoekin osatu dituzte. Egiten ari diren "Sakanako orri praktikoarekin" osatuko dute informazio eskaintza. Gainera, zuzenean saltzen duten ekoizle sakandarren edota turismoaren eta lehen sektorearen arteko lankidetza bulkatzen duten ibarreko ekoizleen berri ematen duen Dastatu Sakana esku orria eta turistendako hiztegitxo bat ere argitaratu dituzte. Ibarreko informazioarekin batera Plazaola turismo partzuergoko (Arakil kide da) eta Nafarroa osoko informazioa ere badago bulegoetan.

Aralarko eta Altsasuko turismo bulegoak irailaren erdialdera arte egonen dira zabalik. Kontratua despeditu aurretik bi informatzaileek balorazio txostena egin eta udan jasotako estatistika datuak gehituko dituzte. Bulegoan lanean hasi aurretik astebeteko trebakuntza izan dute bi informatzaileek; "Sakanako baliabide nagusiak ezagutu eta hainbat turismo enpresa edota kultur baliabideen kudeatzaileekin kontaktua izan dute, eskaintzaren berri zuzenean izateko". Sakanako Mankomunitateak haiek kontratatzeko 12.800 euro bideratu ditu eta erdia Nafar-Lansareren diru-laguntza batekin ordainduko du.

Elkarlanean
Aralarko santutegi aurreko zabalgunean dago Sakanako turismo bulegoa, "momentuz", karpa bat da, "baina ahal bezain laster egurrezko etxola bat jartzeko asmoa dugu", jakinarazi digu Urbitartek. Hilaren akaberarako espero dute hura jarrita egotea. Eta gaineratu du bulegoa Aralarren jartzeko ekimena Sakanako Garapen Agentziak hartu badu ere, Plazaola turismo partzuergoarekin harremanetan daudela: "hitzarmen bat lantzen ari gara, aurrerantzean bi eskualdeen artean kudeatzeko".

Turismo bulegoen ordutegia    
Aralarko santutegi ondoko turismo bulegoan Odei Murugarren izanen da informatzailea. Altsasukoan, berriz, Amaia Hernandez.  Bi bulegoak astelehenetan itxita izanen dira. Bestelakoan, ordutegi desberdina izanen dute.

Aralarko santutegiko turismo informazio puntua asteartetik larunbatera 11:30etik 18:00etara eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara dago zabalik. Harremanetarako: smaralarturismo@gmail.com e-posta edo 669 865 867 telefonoa daude.

Altsasukoa asteartetik larunbatera 10:30etik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara dago zabalik. Igandeetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Harekin harremanetan jarri nahi duenak bi bide ditu: altsasuturismo@gmail.com e-posta eta 625 311 265 telefonoa.

Lau urteko etena
Aurreko lau urteetan ez da Sakanan turismo bulegorik egon. 2007 eta 2012 artean sei urte jarraian izan ziren. Normalean Etxarri Aranatzen eta Altsasun. 2008an Irurtzunen ere izan zen. Altsasuko lokomotora 2010etik erabili da turismo informaziorako. Aurretik, beste hiru urtez egon zen zabalik turismo bulegoa. Altsasuko Gure Etxea eraikinean izan zen, 1999 eta 2001 urteen artean.

Erlazionatuak