Natur parkeak aurrekontu handiagoa du aurten

Guaixe 2017ko uzt. 14a, 08:58

Zaldiak, behorrak eta pottoak Urbasan.

Urbasa-Andia natur parkeko inbertsio, kontratazio- eta lan-aurreikuspenak 565.104,17 euroko (BEZ barne) balioa dute aurten, joan den urtean baino 68.615,53 euro gehiago.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak joan den udazkenean bere egitura aldatu zuen. Horrek Urbasa-Andiaren kudeaketari ere eragiten dio, Eskualde Atlantikoa kudeatzen duen Atalaren mendekoa izatera pasa baita. Aldi berean, atal hori Natura Inguruneko Zerbitzura eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira atxikia dago.

Atal horretan burua den teknikariaz aparte, baso errestaurazioaz arduratzen den teknikaria, hiru baso ingeniari edo baso-teknikari eta biologo bat daude. Gainera, ehiza kontuetan laguntza ematen dien beste pertsona bat du. Atal horren ardura da baso eta ehiza kudeaketa, baita natur guneen kontserbazioa eta kudeaketa ere. Planifikazioa egiterakoan atalen arteko zeharkakotasuna kontuan izan behar dute.
Natur-parkeko patronatuaren joan den urteko bileraren ondoren arloko hiru mahai sortzea erabaki zuen: abeltzaintza jasangarria, turismoa eta erabilera publikoa eta baso-kudeaketa jasangarria. Sortu diren mahai horiei aurten jarraipena eman eta egonkortu nahi dituzte.

Aurreikusitako jarduerak
Abeltzaintzako erabileraren arloan (101.691,55 euro) aurreikusten diren ekintzak honakoak dira: Ilusiarko idoi txikiaren gaineraino iragazgaiztea (19.295,11); Olderitz, Lizaraugi, Baiza eta beste idoi edo baltsa natural konpondu, garbitu eta egokitzea, baita, hala badagokio, hoditeria eta aska egitea ere (23.988,52); Sarasa, Bardoitza eta Juangorri baltsa edo idoi naturalak garbitu eta horietatik lokatza, lohia edo jalkinak ateratzea; sasiak kendu (5.214,9); Arrasoko hoditeria garbitzea (1.042,98); obra txikiak asketan, hodietan eta arketetan (6.257,87); Lizarragako horma konpontzea (2.085,96); itxiturak sortzeko, daudenak gainbegiratzeko eta mantentze-lana egiteko esku-hartzeak malkarretan, barruti hesituetan, idoietan... (26.616,83); Zaragarraren aurkako tratamenduarekin lotura duten lanak; abeltzaintzako Zerbitzuarekin lankidetzan, natur-parkean tuberkulosiak duen iraupen luzeko eremua deuseztatzen laguntzea. Gaitz horren iturri den Andiako ekialde muturreko ur-gunea egokituko da eta, azkenik, ur-hoditerien kartografia eta digitalizazioa eginen da (1.500).

Erabilera publikoari dagokionez (36.491,67 euro), honako ekintzak aurreikusten dira 2017rako: xenden seinaleztapenaren mantentze-lanak; parkean seinale berriak jarri, hondatuta dauden seinaleak konpondu-mantentzea, eta sartzea debekatzen duten seinale berriak jartzea; mantentze-lanak natura-erreserbako xendetan; natur parkeari buruzko liburuxkak inprimatzea; konponketak natura interpretatzeko zentroan; hondakin solidoak jasotzen jarraitzea, edukiontzien estalkiak hobetzea, edukiontziren bat akaso birkokatzea; inplikaturik dauden eragile nagusiek egiten duten erabilera publikoaren diagnosia; baldintza teknikoen agiria lantzea, natur parkea dinamizatu eta arautuko duen erabilera publikoko plan bat idaztea kontratatzeko eta Urbasa-Andia Nafarroako Natura Eremuen balizko sare batean sartzeko aukera baloratzea. Azken horren helburua sareko eremuen aprobetxamendua dinamizatzea eta optimizatzea litzateke, bai erabiltzaileendako bai turismo enpresendako.

Kontserbazioari dagokionez (13.153,58 euro) aurten egitekoak honakoak dira: Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) kudeatzeko plan iraungia dago eta berrikuspen azterketa eginen da; aberasteko basoberritzea; bioaniztasun-eremuetako itxituren mantentze-lana (3.024,64); Andian landaketak egitea (3.128,94); anfibioei buruzko azterlana eta ugatzen, sai zurien, bertako karramarroen eta ehiza-espezieen jarraipena egitea.

Baso-erabileraren arloan (93.774,65 euro) 2017an aurreikusten diren ekintzak dira: Urbasa mendia antolatzeko proiektuaren berrazterketa teknikoa aztertzea; Ameskoako Limitaciones mendiko eta 104. partzuergoko basoa antolatzeko proiektuaren jarraipena eta berrazterketa teknikoa (54.141,45); Lezamen-Txintxurte bidea konpontzea (16.687,67); Basiate abelbidea eta 8. km arteko bide konponketa (12.515,75); Sorogain-Argibil bidearen konponketa (6.257,87); egur-loteen salmenta; lote berriak markatzea (4.171,92); bakantze-lanak, etxeetako sutarako egurra izateko eta Ameskoako Limitacionesen bakantze-lanak egitea, birsortzeko itxiturak jartzea eta sasiak  kentzea eta bideak hobetuko dira.

Aztergaiak
Urbasa-Andiako kudeatzaileak azken urteetan iragarkiak, filmak, erreportajeak eta bestelakoak egiteko gero eta eskaera gehiago jasotzen ari dira. Haietako askok merkataritza helburua dutenez, merkataritza-jarduerei tarifak ezartzeko aukera aztertzen ari dira patronatuan. Bestetik, natur parkearen Erabilera Publikoaren Plana egiteko aukera aztertu eta baldintza teknikoen plegua zehaztuko dute. Natur parkearendako ziurtagiri ekologikoa lortzea da beste aztergaietako bat.
Duten aurrekontura mugatu beharra dute gaur egun natur parkeko kudeatzaileek. Beraz, ez da lanpostu berririk sortzea aurreikusten, ezta murrizketekin kendutakoa bueltatzea ere. Izan ere, gobernutik azaldu dutenez, “langileria kontratatzeak aurre-analisia eskatzen du, baita erabilera-publikoaren moduko ikerketa osagarriren bat ere. Beharrak ikusi eta aurrekontuaren arabera, langile beharraren irizpidea izan dezakegu”.



Joan den urtean egindako lanak
Abeltzaintza erabilerako lanak 102.549,88 eurokoak izan ziren. Honako lanak egin ziren: Iturgoienko Trinitateko baltsa eta askak (63.891,26 euro); asketan konponketak (4.571,6); itxiturak (21.906,45); Lizarragako harresiaren mantenua (2.465,2); jauregiko pistaren mantenua (3.615,37) eta abereen tratamendua eta hondakinak jasotzea (6.100).

Baso erabilerara 21.604,39 euro bideratu ziren 2016an, lanok egiteko: Zaborrateko pista konpontzea (9.898,44), guardetxea konpontzea (5.006,95) eta markatzeak (6.699). Erabilera publiko lanetara 15.890,74 euro bideratu ziren. Horiek natur parkeko seinaleztapenaren mantenurako (3.974,3) eta Urederraren mantenurako (11.916,44) izan ziren. Kontserbazio arloan itxiturak eta itxitura txikiak egin ziren 4.250,02 euroko inbertsioa eskatu zutenak.



3.466 buru gehiago
2015etik 2016ra azienda buru gehiago igo ziren natur-parkera, 3.466 gehiago zehazki. Urbasan 2013 urteaz geroztik ari da handitzen kopurua. Andian, berriz, 2014az geroztik. Behi-azienda 2012tik ari da gora egiten. 2014tik egin du gora zaldi-aziendak Urbasa-Andian eta behi-aziendarekin bezala, sekula baino buru gehiago egon ziren 2016an. Aurreko bi urteetan antzeko kopuruetan egon ondoren, ardi gehiago igo zituzten artzainek mendira joan den urtean.

Aziendaren banaketa desberdina izan zen joan den urtean Andian eta Urbasan. Orekatuagoa zen Andian: zaldi-azienda %40 zen, ardi-azienda %32 eta behi-azienda %28. Urbasan, berriz, azken hori zen presentzia txikiena zuena, %18. Ardi-azienda %38 zen Urbasan eta behi-azienda zen gehien izan zena, %45.

Natur parkean 356 ustiapenetako azienda egon zen 2016an, aurreko urtean baino 166 gehiago. Europako Nekazaritza Politika Bateratuko diru-laguntzetarako 257 eskaera izan ziren eta haien artean 6.421,03 hektarea banatu ziren.

Azienda behar bezala gobernatzeko abeltzainek natur parkera ibilgailuekin sartzeko aukera dute. Horretarako bai haiek bai haien laguntzaileek txartelak eskatu behar dituzte. Joan den urtean 600 banatu ziren. Haiek eta natur-parkeko zaintzan eta kudeaketan lan egiten dutenak bakarrik ibil daitezke natur-parkean. Gainontzekook debekatuta dugu.

Urbasa-Andiara igotako azienda kopurua          
  2015       2016      
Azienda Andia Urbasa Buru kopurua % Andia Urbasa Buru kopurua %
Ardi-azienda 13.473 13.074 26.547 77,59 13.142 16.233 29.375 77,95
Behi-azienda 1.421 2.961 4.382 12,81 1.768 2.906 4.674 12,4
Zaldi-azienda 2.010 1.275 3.285 9,6 2.482 1.149 3.631 9,63
Guztira 16.904 17.310 34.214 100 17.392 20.288 37.680 100

 

Natur-parkera igotako aziendaren jatorria
Eremua %
Mendebaldeko ibarrak 45
Sakana 24
Ameskoa 12
Kantauriko ibarrak 11
Erribera 4
Besteak 4

 

Natur parkean saldutako baso aprobetxamenduak*    
Dermioa Mozketa mota m3 Balorazioa Salmenta
Aldabidea Bakantzea 5.188 72.632 Hutsik
Agieleta 1 Moztea 572 13.158 14.952,08
Agieleta 2 Moztea 1.384 33.946 41.400,00
Mendarte Moztea 521 13.750 22.600,00
Basazelai 1 Moztea 1.093 25.042 37.400,00
Basazelai 2 Moztea 2.199 52.249 53.900,00
Basazelai 3 Moztea 1.875 60.457 70.300,00
Bardoitza Bakantzea 1.711 17.110 Hutsik
Hainbat (koniferak) Bakantzea 8.911 146.250 178.220,00
Lubierri-Obats** Bakantzea 1.416 17.452 27.330,00
*2014ko baso kudeaketa planari dagozkionak      
**2015eko baso kudeaketa planekoa      


Baso aprobetxamenduei dagokionez, 2015ean 14.543 m3 pago eta 8.911 m3 konifera atera ziren natur parketik. 2014ko baso ordenazio planari zegozkion. Joan den urtean 2015eko planari segituz 14.081 m3 pago atera ziren. Aurten Basiaten, Barraongota eta Txinttxurte dermioetatik aterako dira loteak.


Azeriak eta erbiak
Udaberriro, basozainek, gauez laginketak egiten dituzte hainbat ibilbidetan. Haietako batzuk natur-parketik pasatzen dira. Horren arabera, azeriaren presentzia aurreko bi urteetako bera izan zen. Europako erbiari dagokionez, natur parketik kanpo beheranzko joera du, baina 2015ean eta 2016an goraka egin du, azken urtean nabarmen. Erbi horien presentziak natur parkean gorako joera du, nahiz eta joan den urtean gutxiago opatu.

Bisitarien etorreraren estimazioa*
Urtea Kopurua
2012 41.533
2013 32.430
2014 41.948
2015 41.372
2016 51.688
*Ez dira urte guztiko datuak turismo-
harrera egiten duten langileak garai
jakinetan daudelako soilik.

 

Bisitarien jatorrizko erkidegoa
Erkidegoa %
EAE 39,3
Nafarroa 23
Katalunia 10,3
Madril 8,5
Valentzia 6,5

 

Bisitarien jatorrizko herrialdea
Herrialdea %
Frantzia 35,6
Holanda 14,8
Alemania 9,4
Erresuma Batua 8,6
Belgika 6
AEB 5,7


162.360
Urederrako natur erreserba bisitatu zutenak 2016an.


Urbasa-Andia
Europako natur parkeen sareko, Europack-eko, kide da. Sare horren helburua espazio horien kudeaketa estrategiak koordinatzea da. Natur-parkeko baso kudeaketak zertifikazio bikoitza du: PEFC eta FSC. Urederra ez beste guztia Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua da. Iturburua Europar Intereseko Tokia da.