Nafar-Lansarek zati bat finantzatzen duen Nafarroa Ekin Sarearen kide gisa, ekintzailetasuna laguntzeko zerbitzua eskaintzen du Cederna-Garalurrek. Urte erdian 29 sakandarrei eman diete aholkua zerbitzu horretan, 18 emakumezkori eta 11 gizonezkori. Haien negozio-ideia garatzeko aukera izan dutenek 15 enpresa sortu dituzte, beste horrenbeste lanpostu sortuz. Aipatutako enpresek hartutako lege-formari dagokionez, 13 sakandar bakarkako enpresari bilakatu dira eta beste bi elkarte irregular.
Cederna-Garalurren aholkua eta babesa ez diete soilik ekintzaileei ematen, eratuta dauden enpresek ere erabil dezakete zerbitzua. Urte erdian hala egin dute 26 enpresak. Haietatik 17k bi urte baino gutxiago daramate martxan. Haiek 9 emakumezkok eta 8 gizonezkok kudeatzen dituzte. Gainontzeko 9 enpresek bi urte baino gehiago dituzte eta 5 gizonezkok eta 4 emakumezkok zuzentzen dituzte.
Ekintzailetasuna sustatzeko asmoz 2017-2020 Nafarroako Lan Autonomoaren Planaren aurkezpen jardunaldia antolatu zuten Altsasun. Gainera, ekintzaileei eta autonomoei zuzendutako bi tutorial eskaini ditu Garalurrek: Ogasunari aurkezteko paperak antolatu eta nola diseinatu fakturak ogasunari aurkezteko.
Arbizun eta Altsasun
Garalurrek Arbizuko Utzugane garapen gunean eskaintzen du zerbitzua astegunetan, 08:00etatik 15:20era. Hitzordua eskatuta Altsasun astelehenetan ematen dute aholkularitza. Garalurrekin harremanetan jartzeko 948 567 010 telefonoa eta sakana.admon@cederna.es e-posta erabil daitezke.