Bihar, garilaren 15ean, XVI. Sakanako Haur Triatloia jokatuko da Urdiaingo Aitziber igerilekuetan. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu du proba, Sakanako Triatloi Taldearen, Urdiaingo Aitziber elkartearen, Urdiaingo Udalaren eta Nafarroako Triatloi Federazioaren laguntzarekin. Goizeko 10:00etatik aurrera, triatloi proba politez gozatzeko aukera izango da Urrizti eta San Pedro paraje ederretan. Aipatu probak Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak dira.
100 triatleta espero dira
Honako kategoriendako probak jokatuko dira: aurre-benjaminak, benjaminak, kimuak, haurrak, kadeteak eta juniorrak. Aurreko urtean bezala, lehendabizi nagusienak hasiko dira lehian, juniorrak eta kadeteak, eta kategoria txikiko probak jokatuko dira ondoren. Aurten igeriketa segmentuaren distantzia luzatu du antolakuntzak, kategoria guztietan.
XVI. Sakanako Haur Triatloian parte hartzeko aurretik izena emana beharra zegoen www.navarratriatlon.com web gunean. Erredakzioa ixterakoan 100 triatleta inguru zeuden izena emanda. Nolanahi ere, informaziorako Mank-eko Kirol Zerbitzura hots egin daiteke (948 464 866 telefonoa). Aurreko urtean 100 triatleta pasatxok hartu zuten parte, eta tartean ziren Mank-eko Udako Triatloi Campusean dabiltzan sakandarrak.
Igeriketa probak Urdiaingo igerilekuan jokatuko dira, eta bizikleta probarako zirkuitu ederra prestatu dute, beti bezala, Urdiaingo igerilekuetako bidetik abiatu eta Sarabe parajean barna. Korrika egiteko ere zirkuitua antolatu dute igerilekuetatik gertu. Triatletek derrigorrezkoa izanen dute kaskoa eta mendiko bizikleta erabiltzea. Aipatzekoa da probak irauten duen bitartean juniorrek eta kadeteek ezingo dutela kanpoko laguntzarik jaso; gainontzeko mailetakoek laguntza jaso ahal izango dute, baina soilik epaile, teknikari edo antolakuntzako partaideen laguntza, arazo mekaniko bat konpontzeko. Proba gauzatzen den bitartean ibilbidea zaindua, markatua eta trafikoari itxita egonen da. Proba bukatzerakoan triatleta guztiei ogitartekoa eta zukua banatuko zaie.
Igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa uztartzen dituen kirol honetaz gozatzeko primerako aukera da biharkoa, paraje zoragarrian. Horregatik, Urdiaingo igerilekura gerturatzeko deia egin du Mank-ek.
Proben distantziak
Juniorrak (98-99): 10:00etan (513 m igeri (19 luze), 12 km bizikleta, 3 km korrika)
Kadeteak (00-01-02): 10:00etan (513 m igeri (19 luze), 12 km bizikleta, 3 km korrika)
Haurrak (03-04): 11:25ean (378 m igeri (14 luze), 6 km bizikleta, 1,5 km korrika)
Kimuak (05-06): 12:15ean (189 m igeri (7 luze), 3 km bizikleta, 750 m korrika)
Benjaminak (07-08): 13:05ean (81 m igeri (3 luze), 1,5 km bizikleta, 350 m korrika)
Aurre-benjaminak (09-10): 13:30ean (54 m igeri (2 luze), 1 km bizikleta, 200 m korrika)