Hasi da uda eta badatoz hiri eta herritako festak. Bete-betean sarturik gaude kaleko parranda giroan. Eta urtero legez, udan, jai giroan eta gaueko parranda eremuetan neska-emakumeek jasaten dituzten erasoen inguruko albisteen goiburuak azaltzen hasiak dira. Gizonezkoek-mutikoek eragiten dituzten ekintza bortitz horiek ez dira aldian behin pasatzen diren gertaera isolatuak, tamalez; sistematikoa da; estrukturala da (egunerokotasunean antzematen da).
Azken urteetan eginahal berezia egiten ari da egoera horien erakusgarritasuna nabarmentzeko eta gaitzespenaren bidean aurrerapausoak emateko. Kolektibo feministek egindako analisi, lanketa, ekintza eta elkarlanak funtsezkoak izan dira bide horretan. Ildo horretatik, hiri, auzo eta herri askotan erasoen aurkako protokoloak martxan jartzen ari dira. Bide beretik, jai-batzordeetan eztabaidagai bihurtu da eta festen egitarauak aldatzen hasiak dira, sexismoa auzitan jarriz. Instituzio eta erakunde askotatik bultzatzen diren kanpainen leloak ere ezagunak ditugu: “ez ezetza da”, “ez da ezetz”, “ez, ez da”, “ezetz da ezetz”, “ezetza beti da ezetz”, “ez da… ez! Da… ezetz!”, etab. Antza, mutil askok ez dute argi neskek EZ esaten dutenean ez direla ari BAI esan nahian. Ezetza jasotzen eta ematen den-denok jakin beharko genuke, neska edo mutila izan.
Neska-emakumeek inoiz baino gehiago salatzen dituzte sexu erasoak eta eraso matxistak, baina, askok eta askok ezkutuan jarraitzen dute oraindik ere. Parrandaren testuinguruan, emakumeen eta gizonen arteko zenbait harremanetan intentsitate baxuko eraso sexistak (eskusartzeak, piropo ezegokiak, begiradak, keinuak… ) uste baino ohikoagoak dira, askotan antzematen ez badira ere. Halakoekin tolerantzia handia daukagu, baina, gerora gerta daitezkeen eraso larriagoen oinarrian daude. Festa giroak eta kontsumoak errazten dituzte indarkeria horiek. Giro horretan desinhibizioa dago, baina, alkohola edo beste edozein droga ez dira aitzakia.
Berdintasunaren irudi faltsuetako asko daude desmuntatzeko. Batetik, alkohola edo beste edozein droga kontsumitu duten emakumeak sexu harremanak izateko prest daudela pentsatzeko joera. Bestetik, droga bat edo beste kontsumitu duten mutilek sexu eraso larria edo ez hain larria egin dutenean ezin direlako kontrolatu egin dutela uste izatea. Gertatuak gertatu, epai sozial eta moral bikoitza egiten da. Neskak akusatuak-erantzuleak, kontrolatu ez direlako eta mutilak desenkusatuak-justifikatuak, kontrolatu ezin direlako.