Populazioaren zahartzea osasun publiko politiken eta garapen sozioekonomikoaren arrakasta moduan ulertu daiteke, baina, era berean, gizartearendako erronkatzat hartu daiteke. Izan ere, modu iraunkor batean nagusien osasuna eta gaitasun funtzionala hobetzeko helburuarekin errealitate berri batera egokitu beharko da gizartea. Nafarroak Europako bizi esperantza altuenetako bat dauka (84 urte), lau pertsonatik batek 65 urte baino gehiago izango ditu bi hamarkada barru, eta 70.000 pertsona inguruk 80 urte baino gehiago izango dituzte. Badaude zenbait egoera zeinetan pertsona nagusi batek bere autonomia gal dezakeen modu erraz batean, besteak beste, ospitaleratzeagatik edo denbora laburrean behin baino gehiagotan erortzeagatik. Beste batzuetan ospitaleratzerik gabeko gaixotasun arrunt bat (bronkitisa, gastroenteritisa) izan daiteke autonomia galtzearen arrazoia.
Egoera horietan guztietan nahitaezkoa da esku-hartze goiztiar bat egitea; zenbat eta denbora tarte handiagoa pasa funtzionalitate galtzearen eta osatzeko neurriak hartzearen artean, orduan eta zailagoa (edo ezinezkoa) izango da atzera egitea. Nagusien autonomia berreskuratzeko, mantentzeko eta hobetzeko nahiarekin jaio da Josefina Arregi Klinikako Osatze Funtzionalerako Unitate Anbulatorioa, urriaren 1ean martxan jarriko dena. Berriki autonomia galdu duten edo erortze ugari izan dituzten nagusi guztiendako zerbitzua izango da (gaixotasun psikiatrikoa izan edo ez). Taldekako eta bakarkako esku-hartzeak egingo dira fisioterapian eta terapia okupazionalean, astean bi edo hiru aldiz, autonomia eskasiaren graduaren arabera. Geriatrian espezialista den mediku batek baloratuko ditu ere.
Sakanako eremuan, zahartze tasa %20 inguruan daukana, ez dago nagusiek autonomia berreskuratzeko helburua daukan programarik. Hori dela eta, Josefina Arregi Klinikak unitate hau sortu du, bailaran handitzen ari den behar bati aurre egingo diona.