Ziur Joseba Ezkurdiak uztailaren 14a ez zuela “Gaixoa ni” kantatuko. Izan ere, egun horretan aspaldiko partez bere partidarik onena jokatu zuen aurrelari arbizuarrak. Inspirazioa etorri eta Rezusta ikusgarri batekin batera, udako lehen torneoa, eta izen handikoenetakoa, irabazi zuen: Sanferminetako Binakako Torneoa. Ikusgarri aritu ziren biak eta Oinatz Bengoetxearen eta Mikel Beroizen gainetik pasa ziren; 9 tantotan utzi zituzten Asergarcekoak. Horretaz gain, Joseba Ezkurdia sanferminetako feriako pilotari onena izendatu zuten eta Rezustak egungo atzelari onena dela erakutsi zuen.
Katedrak Ezkurdia eta Rezusta faborito jotzen zituen, baina Bengoetxea eta Beroiz ere txapelketa ona egitetik zetozen eta final paretsuagoa espero zen. Hala ere, ongi hasi ziren Asegarcekoak: Mikel Beroiz pilota gerturatzen hasi zen eta hiru tanto egitea lortu zuen. Oinatz Ezkurdia eta Rezusta endredatzen hasi zen, eta sakeak txokotik abiatuz, Aspekoak mugiarazi zituen. Horrela, 4 eta 1 aurreratu ziren Oinatz eta Mikel eta partida gogorra izango zela aurreikusi zuten askok. Baina une bat izan zen. Ezkurdia dejadak egiten hasi zen eta 4 eta 0ko partzialarekin 5 eta 4 aurreratu ziren Aspekoak. Beñat Rezusta sekulako pilotakadak jotzen hasi zen eta errebotera bidali zuen Mikel Beroiz. Atzean alde handiz agindu zuen gipuzkoarrak. Eta aurreko koadroetan guztiz inspiratuta ibili zen Ezkurdia. Nahi zuen guztia atera zitzaion, eta tanto ikusgarriak pilatzen hasi ziren Ezkurdia eta Rezusta.
Horrela, lauko berdinketatik aurrera aldea ateratzen hasi ziren. Konfiantza handiarekin ibili ziren eta Ezkurdiak tantoak maisutasunez bukatu zituen. Aurrean eta atzean, Aspekoek alde handiarekin agindu zuten. Bengoetxea deseroso ibili zen. Aldiz, dejadak, tantoak txokora eramaten… denetan asmatu zuen arbizuarrak. Azkenean, 22 eta 14 irabazita, Sanferminetako Binakako Torneoa lortu zuten Ezkurdiak eta Rezustak, merezimendu osoz. Festa borobiltzeko, Sanferminetako feriako pilotari onena izendatu zuten Joseba Ezkurdia, merezimendu handiz.
Iaz udako azken torneoa irabazi zuten arbizuarrak eta gipuzkoarrak, sanmateotako torneoa, eta aurten udako lehena irabaziz ekin diote udako denboraldiari. Ea gehiago datozen.
Ardoaren desafioa: Bakaikoak galdu eta Zabaletak irabazi
Sanferminetako Ardoaren Desafioa bi urtez jarraian galdu eta gero, aurten Aspek irabazi zituen jokoan zeuden 1.200 ardo botilak. Desafioan hiru partida jokatu ziren eta hirurak irabazi zituen Aspek. Tartean, lau t´erdian, Asegarceko Joseba Bakaikoa etxarriarrak Aspeko Aitor Mendizabal izan zuen aurkari. Antzuolakoa izan zen jaun eta jabe eta 9 tantotan utzi zuen etxarriarra. Binakakoan Asperekin Jose Javier Zabaleta aritu zen, Elezkano II.arekin batera. 22 eta 12 irabazi zieten Artolari eta Untoriari. Azkenean, buruz buru, Jakak 22 eta 20 irabazi zion Lasori.