Makina bat udal eta mankomunitate nafarrek euskara zerbitzua dute eta haietan euskara teknikari ugarik egiten dute lan. Haien bajak, aldi baterako ordezkatzeak eta bestelakoak betetzeko, hau da, aldi baterako kontratazioak egiteko 2015ean kontratazio zerrenda osatu zuten erakunde horiek. Oraingo deialdiarekin aipatu zerrenda osatu nahi dute eta, beraz, duela bi urteko zerrendako azkenari hots egin ondoren hasiko lirateke sortuko den zerrenda berrikoei deitzen.
Deialdiaren prozedura bere gain hartu du Berriozarko Udalak, baina dagokion toki administrazioek eginen dituzte kontratazioak, hark ezarriko ditu lanaldia eta lan ordutegia eta B mailari dagokion oinarrizko soldata pagatuko du. Deialdian ezarritakoaren arabera, hilabeteko probaldia izanen dute ordezkapenak egiten dituzten langileek. Bestetik, deialdiak sortutako zerrendak lau urteko indarraldia izanen du.
Baldintzak eta prozedura
Izangaiek honako baldintzak bete beharko dituzte: Espainiako, Europar Batasuneko edo azken horrek sinatu eta Espainiak onartutako langileen zirkulazio librea aplikatzen duen eremuko estatu bateko herritarra izatea; 16 urtetik gora eta erretiroa hartzeko gehieneko adina ez izatea: unibertsitateko diplomadun titulu baten jabe izatea, edo eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean; EGA titulua edo baliokideren bat izatea; funtzionario lanpostuaren bateragarritasuna; eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea; ibilgailuak gidatzeko baimena, B mailakoa bederen, eta ibilgailua edukitzea eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (edo beste edozein administraziotako enplegu zerbitzuan) izena emanda egotea, enplegu eskatzaile moduan edo hobetzeko.
Izangaiek mezu elektronikoa bidali beharko dute helbide honetara: euskara@berriozar.es eta izen-abizenak, NAren zenbakia, sakelako telefonoaren zenbakia eta jakinarazpenetarako erabili behar den helbide elektronikoa. Bidalketa hori gaurtik ostegunera bitartean egin dezakete. Ostiralean argitaratuko dira izangai onartuen zerrenda eta aurreneko proba egiteko data, ordua eta lekua. Horiek Berriozarko Udalaren www.berriozar.eus webgunean (egoitza elektronikoa/iragarkiak/Berriozarko Udala) eta udaletxeko ediktu-taulan izanen dira ikusgai. Azken web orri horretan kontsultatu daitezke deialdiaren oinarriak.