Asteburuan mendi korrikalarien bilgunea izan da Villanua. Huescako herri eder honek guztira hiru mendi lasterketa hartu ditu asteburuan. Ostiral gauean Güena Nuei gaueko lasterketa jokatu zen (21 km, 1.160 m desnibel +), larunbat goizean Super Traila abiatu zen (63 km, 5.500 m desnibel +) eta igandean 2KV Collarada kilometro bertikal bikoitza (17 km, 2016 m desnibel +). Azken proba honetan korrikalari sakandarrak lehiatu ziren.
2KV Collarada kilometro bertikal bikoitzean, Villanuatik (870 m) Collarada mendira (2.886 m) igo eta jaitsi behar ziren korrikalariak, Pirinioetako paraje eta altuera zoragarrietan barna. Kontuan hartu behar da Villanuatik Collaradako igoeran 2.016 metroko desnibel positiboa dagoela. Hortaz, atera kontuak; proba gogorra dela ezin da ukatu.
2KV Collarada igo eta jaisteko kilometro bertikal bikoitza 126 korrikalarik osatu zuten. Munduko eta Europako txapeldun Luis Alberto Hernando zegoen parte hartzaileen artean, eta bera zen faboritoetako bat. Baina gure korrikalariek lan bikaina egin zuten eta Beñat Katarain lakuntzarra lehena iritsi zen Villanuako helmugara, lasterketa ikusgarria egin eta gero (2:14:46). Igoera bizi-bizia egin zuen Katarainek, 1:32:30ean igo baitzuen Collarada, eta tarte handia hartu zuen igoeran. Villanuako helmugan ia 4 minutu atera zizkion Raul Criado (2:18:34) bigarrenari. Podiumeko hirugarren eskailerara Aritz Munarriz etxarriarra igo zen (2:25:20). Hortaz, podiumeko hiru tokietatik bi korrikalari sakandarrek okupatu zituzten. Emakumezkoetan Maider Frailek irabazi zuen (2:43:07). Collaradako asteburuko hiru etapak edo probak egin zituztenen artean, Andres Gomez eta Amaia Larreategi izan dira irabazleak.
“Lasterketa Luis Albertok irabazi beharko luke, baina lesionatuta zegoen eta nire estrategia izan zen Collarada ahalik eta azkarrena igotzea, jaitsieran abantaila izateko, bigarrenak oso azkar jaisten duela bainekien” adierazi digu Beñat Katarainek. Eta ongi atera zitzaion. “Gogorra hurrengo eguna izaten da. 2.000 metro jaistea eta azkar. Pentsa!” gaineratzen du lakuntzarrak. Hurrengo erronka zein duen argi du lakuntzarrak: garilaren 30ean Andorran jokatuko den Comapedrosa Skyrace (21 km, 2.300 m desnibel +), Munduko Kopako lasterketa. Tartean, Comapedrosa (2.942 m) igo beharko dute korrikalariek.
Rubio seigarrena “Puyar nomas” proban
Egon zen ere 2KV Collarada erdia egiteko aukera, soilik Villanuatik Collarada igotzekoa, “Puyar nomas” deitutakoa (8,5 km). Kasu honetan, Espainiako Kilometro Bertikalen txapeldun ohi Kiko Navarro espezialista izan zen txapelduna (1:28:26), Ainhoa Lendinezekin batera (1:52:40). Mikel Rubio irurtzundarra seigarrena sailkatu zen (1:38:27), aurreko urtean egindako lana ia 4 minututan hobetuz, eta Jose Antonio Salgado altsasuarra 26.a sartu zen (2:00:51).
Villanuan asteburuan lehiatu diren korrikalariek antolakuntza bikaina nabarmendu zuten eta proben ikusgarritasuna. Bukatzean, gainera, korrikalari guztiendako bazkari bikaina egon zen. Beste behin argi geratu zen korrikalari sakandarrek puntan jarraitzen dutela.