Maialen Aramendia (CAF Turnkey Engineering) txirrindulariak beste txapel bat lortu du bere palmaresari gehitzeko: Euskadiko junior mailako txapelduna da iturmendiarra.
Larunbatean Tolosako Emakumeen Sari Nagusia jokatu zen, aldi berean Euskadiko Txapelketa zena. Junior mailan 76 km osatu behar zituzten txirrindulariek eta bi txirrindulari iritsi ziren, elkarrekin, helmugara. Esprintean, Maialen Aramendia izan zen lehena (2:17:28), Bizikleta.com taldeko Luisa Ibarrolaren aurretik. Bestalde, Bolivia taldeko Bakarne Gonzalez altsasuarra 8.a sartu zen, 5 segundora. Hortaz, Aramendia dugu Euskadiko txapelduna, juniorretan.
Kadeteen mailan Garazi Estevez (Gipuzkoa-Ogiberri) gailendu zen, esprintean. Leire Maiza etxarriarra (Nafarroa Ermitagaña) 15.a sailkatu zen, denbora berean, eta CAF Turnkey Engineering taldeko Joana Irastorza etxarriarra 23.a sartu zen (1:51:21). Bukatzeko, afizionatuen elite mailan txapela esprintean erabaki zen eta Bizkaia-Durango taldeko Lourdes Oiarbidek jantzi zuen Euskadiko txapela.
Sopelan bigarrena
Hurrengo egunean, igandean, XXXIII. Sopela Saria jokatu zen, Emakumezkoen Euskaldun Torneorako baliagarria. Eliteetan Lourdes Oiarbide nagusitu zen. Juniorretan, berriz, Sopela taldeko Sara Martin gailendu zen (2:04:29). 3:47ra sartu zen Maialen Aramendia.