Udako Kalera! martxa ostegunean abiatu zen Gernikatik. Ibiltariek zortzi etapetan Lakuntzara arteko bidea eginen dute. Ezker abertzaleko Kalera Kalera dinamikak antolatu du euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko martxa. “Gatazkak sortutako errepresaliatu politiko guztiak kaleetara ekartzea” eta “jai giroaz gozatzea” jarri dituzte helburu. Martxako antolatzaileek esan dutenez, “Euskal Herrian, gehienok gatazkaren ondorioak behin betiko konpontzearen alde gaude. Konponketak integrala izan behar du. Kaltetuak kalean egoteko eragozpenek desagertu behar dute. Presoak kalera ateratzea Euskal Herria bakean eta askatasunean bizitzeko ezinbesteko urratsa izango da”,
Martxa Sakanara etzidamu, ostegunean, iritsiko da. Ibarratik Altsasura autobusez 11:00etan iritsiko dira parte-hartzaileak. Eguerdian Altsasutik Etxarri Aranatzera abiatuko dira, oinez. 14:30ean bazkalduko dute Etxarrin eta 16:30ean Lakuntzarantz joko dute ibiltariek eta han ekitaldia izanen da 19:00etan. Ondoren, preso eta iheslarien aldeko elkartasun jaialdiarekin, Hatortxu Rock 20rekin bat eginen dute.