Arakildarrak bihar elkartuko dira

Guaixe 2017ko uzt. 24a, 09:14

Arakilgo egunak, ohi denez, Santiago egunarekin bat egiten du eta bihar ospatuko da. Festak bi kokaleku izanen ditu. Aurrena, goizean, Egiarretan dagoen Itxasperri ermitaren ondoan. Hantxe elkartuko dira ibarra osatzen duten dozena bat herrietatik joandako arakildarrak. Mezetara sartzen direnek Arakilgo abesbatza entzuteko aukera izanen dute. Gainera, urtero moduan, elizkizunaren ondoren nabarmendu diren arakildarrak omenduko ditu udalak. Eta, eguerdiko otamenaren ondoren, festa Hiriberrira lekualdatuko da. Han, hasteko, erakusketa hirukoitza ikusteko aukera izanen da: Jose Cruz Arbillaren fosilak, Gotzone Saiz de Murietaren egur lanak eta Cristina Iturmendik egindakoen popinen erakusketa. Herri bazkarian 260 pertsona eseriko dira mahaira.

Arakilgo Eguna Itxasperrin hasi eta ibarreko beste egun batean ospakizunarekin segitzeko ohitura duela 14 urte hasi zen. Joan den urtean, estreinakoz, herri batek, Ihabarrek, bigarren aldiz hartu zuen festa. Hiriberri izan zen 2004an festa ibiltaria hartu zuen aurreneko herria eta, 14 urte pasa eta gero, berak hartuko du berriro.

Egitaraua
Itsasperrin
10:30 Egiarretatik jaitsiera Orritz dantza taldearekin.
11:00 Meza, Arakilgo koralarekin.
11:45 Udalaren omenaldiak.
12:00 Otamena eta Orritz dantza taldearen saioa.
Goizean zehar artisauak, trikitilariak…

Hiriberri
13:30 Arku jaurtiketa erakustaldia.
13:30 Fosil, egur taila eta panpina erakusketa.
14:30 Herri bazkaria.
16:30 Bazkalostea rondallak alaituta.
17:00 Haurrendako tailer eta jokoak.
17:30 Mus, briska eta partxis txapelketak.
17:30 Los Andus bikotearekin dantzaldia.
18:00 Puzgarriak.
20:00 Sari banaketa.
20:30 Pintxo-potea.


Ospakizuna hartu duten herriak
2017 Hiriberri
2016 Ihabar
2015 Etxarren
2014 Urritzola
2013 Zuhatzu
2012 Aizkorbe
2011 Egiarreta
2010 Etxeberri
2009 Ekai
2008 Izurdiaga
2007 Errotz
2006 Satrustegi
2005 Ihabar
2004 Hiriberri