Musikari bikote etxarriarrak jendaurrean emanen duen aurreneko kontzertua izanen da gaur, 21:30ean, Arbizun eskainiko duena. Aurretik makina bat ekitaldi eta omenalditan aritu dira zenbait kantu jotzen. Baina Arbizukoa izanen da Lur Larrazak eta Luis Kintanak prestatzen duten lehen emanaldia. Haiek sortutako kantuak eta Euskal Herriko eta atzerriko sortzaileen bertsioez osatutako errepertorioa eskainiko dute. Akustikoan. Lurrek gitarra joko du, Luisillok baxua.
Larrazak azaldu digunez, “alkarrekin urtiek yamaten ttugu jotzen”. Kultur etxeko musikarien lokalean bat egin zuten eta “gustora aitzen” direla esan digu. Kantu propioen sorreraz galdetuta, Larrazak azaldu dugunez, “bakoitzak be harrikada yamaten diau eta biyek batia jotzeko landu eitten diau”. Beti ere, formatu akustikoan jotzeko aproposak diren doinuak izaten dira euren kantuen abiapuntua. Arbizuko kontzertuaren ondoren biek elkarrekin kontzertu gehiago joko dituztela ziur da Larraza, eta horretarako euren kantu propio gehiago sortuko dituztela ere.
Olatzeako Hotsak musika zikloa hilaren 14an abiatu zuen Ta Lauen laukote sakandarrak. Zikloko bigarren emanaldia da etxarriarrena. Hura Ander Garzia, Mikel Garzia eta Joan Flores arbizuarren emanaldi akustikoak itxiko du irailean. Guztiak Arbizuko Olatzea hotelaren kanpoko aldean aritu taldeak dira.