Maialen Aramendia juniorren Euskadiko eta Nafarroako txapelduna Iturmendin

Guaixe 2017ko uzt. 24a, 12:40

Iosu Etxeberria juniorren Nafarroako txapelduna eta Euskadiko hirugarrena sailkatu zen eta Ailetz Lasa Nafarroako hirugarrena, Bakarne Gonzalez bezala. Kadeteetan Unai Aznar Nafarroako txapelduna izan zen eta Leire Maiza hirugarren nafarra

Puntako txirrindularitzaz gozatzeko aukera izan zen igande goizean Iturmendin. Urbasa Txirrindularitza Taldeak antolatuta, V. Iturmendi Trofeoa Erlojupekoa jokatu zen. Kadeteetatik hasita, afizionatueneraino, proba ikusgarria izan zen. Aldi berean, Iturmendiko Saria Nafarroako Txapelketa izan zen kadeteen, juniorren eta afizionatuen mailan eta Euskadiko Saria juniorren mailan eta emakumezkoen kadete eta afizionatuen mailan.

Afizionatuen mailako tropela hasi zen lanean. 14 km zituzten aurrez-aurre, Arbizuko industrialderaino joan-etorria. Gizonezkoetan Jorge Azanza altsasuarrak zuzentzen duen Euskadi Fundazioko Diego Lopez izan zen probako irabazlea (17:26) eta Nafarroako txapelduna. Sakandarrei dagokienez, azkarrena Rural Kutxa talde sakandarreko Eneko Aramendia iturmendiarra izan zen, sailkapenean bosgarrena (18:35). Emakumezkoetan Lourdes Oiarbide izan zen Iturmendin azkarrena (19:36) eta Euskadiko txapelduna. Nafarroako txapelduna sailkapenean bigarrena izan zen Ainara Elbusto (Bolivia taldea) izan zen (20:07).

Josu Etxeberria Nafarroako txapelduna
Ondoren juniorren tartea izan zen. Gizonezkoetan Elproex iturriberoko Oier Lazkanok osatu zituen azkarren erlojupekoko 14 km-ak (17:47). Bera izan zen Euskadiko txapelduna. Aldiz, helmugan hirugarrena izan zen Aralarko Intersport Irabiako Josu Etxeberria iturmendiarra izan zen Nafarroako txapelduna (18:55) eta proban 9.a sailkatu zen Burundako Quesos Albeniz taldeko Ailetz Lasa ziordiarra hirugarren nafarra (19:14). Etxeberria Euskadiko txapelketan hirugarrena sailkatu zen. Nafarroako txapeldun izateagatik pozik zegoen Iturmendikoa.

Maialen Aramendia: “Urteko helburuetako bat zen eta oso pozik nago”
Emakumezkoetan Sopela taldeko Sara Martin izan zen azkarrena (21:26). Segundo bat atera zion CAF Turnkey Engineering taldeko Maialen Aramendiari. Jakina, herritarren babesa izan zuen Aramendiak eta txalo artean bukatu zuen lana. Sara Martin Gaztela eta Leongoa denez, Maialen Aramendia izan zen junior mailako Euskadiko txapelduna eta Nafarroako txapelduna. Bolivia taldean dabilen Bakarne Gonzalez hirugarren nafarra izan zen.

Aurreko astean errepideko Euskadiko txapelduna izan zen Aramendia; beraz, bi segmentuetan dugu Euskadiko txapelduna. Valentziako Itzulian aritzetik zetorren iturmendiarra, tripako arazoak tarteko, eta, hala ere, etxean irabazteko gai izan zen. “Oso pozik nago. Denboraldi hasieran egin beharreko helburuen artean markatu nuen hau. Larunbatean etorri nintzen Valentziako itzulitik. Tripetatik gaizki egon nintzen azken egunean eta ezin izan nuen proba bukatu. Nekatuta nengoen, baina hona etorri eta biziberritu, Sakanako haize hauek! (kar kar). Ongi berotu dut eta ongi atera da. Aurreko astean errepideko Euskadiko Txapelketa lortu nuen eta orain erlojupeko Euskadiko Txapelketa eta oso pozik nago” aipatu zigun Iturmendikoak helmugan. Bere hurrengo helburua abuztuan edo irailean jokatuko den Espainiako txapelketa da. “Eta deitzen badidate Europako Txapelketan aritzea, edo Mundukoan” gaineratu zuen.

Unai Aznarren erakustaldia
Bukatzeko, kadeteetan 10 kilometroko buelta zuten, Etxarri Aranatz arteko joan-etorria. Gizonezkoen proban hainbat txirrindulari sakandarrek ezin izan zuten Iturmendin aritu Nafarroako selekzioarekin lanean zeudelako, Txuma proban. Aipatzekoa da gizonezkoek eta emakumezkoek sekulako denborak egin zituztela Iturmendin, aurreikusi baino hobeak. Esaterako, Burundako Quesos Albeniz taldean dabilen Unai Aznarrek sekulako erakustaldia eman zuen. Cortesekoak hegan egin zuen bizikleta gainean (13:29). Bera izan zen Nafarroako txapelduna, merezimendu osoz. Tafallako El Caserío taldean dabilen Ion Gil bosgarrena sailkatu zen (14:56). Eta emakumezkoetan Gipuzkoa-Ogiberri taldeko Garazi Estevez izan zen Iturmendiko erlojupekoko txapelduna (15:54). Nafarroa Ermitagaña taldeko Leire Maiza etxarriarra 8.a sailkatu zen eta Nafarroako sailkapenean hirugarrena izan zen (17:31).

Beraz, podiumaren gorenean txirrindulari sakandarrek protagonismo handia izan zuten. Denboraldi hau, zalantzarik gabe, bikaina izaten ari da.


VI. Iturmendi Trofeoa
Sakandarrak afizionatuen mailan (14 km)
Gizonezkoak:
1.Diego Lopez (F.Euskadi):     17:26
5.Eneko Aramendia (Rural K.):     18:35
6.Asier Ormazabal (Lizarte):    18:40
8.Pablo Villar (Quick Step):     18:58
10.Odei Juango (Rural K.):     19:40
15.Alex Uncilla (Quick Step):     21:08

Emakumezkoak:
1.Lourdes Oiarbide (Bizkaia):     19:36

Sakandarrak juniorren mailan (14 km)
Gizonezkoak:
1.Oier Lazkano (Elproex):     17:47
3.Josu Etxeberria (I. Irabia):    18:55
9.Ailetz Lasa (Q. Albeniz):     19:14
24.Hodei Zia (Q. Albeniz):     20:41
26.Beñat Etxezarreta (I. Irabia):    20:55
32.Iñigo Fernandez (Q. Albeniz):21:17
33.Imanol Galarza (I.Irabia):     21:27
36.Xabier Mauleon (I. Irabia):    22:03
37.Iker Cerviño (I. Irabia):    22:04
42.Iosu Jaca (Q. Albeniz):    22:11
50.Unai Lizarraga (I. Irabia):    23:36

Emakumezkoak:
1.Sara Martin (Sopela):        21:26
2.Maialen Aramendia (CAF):     21:27
10.Bakarne Gonzalez (Bolivia):    23:41

Sakandarrak kadete mailan (10 km)
Gizonezkoak:
1.Unai Aznar (Q. Albeniz):     13:29
5.Jon Gil (El Caserio):        14:56
9.Unai Villalobos (Q. Albeniz):    15:11

Emakumezkoak:
1.Garazi Estevez (Gipuzkoa)    15:54
8.Leire Maiza (Nafarroa):    17:31
10.Joana Irastorza (CAF):    18:11
21.Maria Beraza (Nafarroa):    18:51