Gurasoek seme-alabei Aralarko santutegiarekiko lotura transmititzen segitzen dute. Eta horren adierazlea izan zen atzo mendi gaineko elizan egindako meza, haurrak Aralarko aingeruari aurkezteko balio izan zuena. 80 bat izan ziren elizkizunean parte hartu zutenak. Haien presentzia nabaritu zen, negar eta jolas hotsak sentitu baitziren. Bukatzean zaharberritutako aingeruaren irudia gurtzeko aukera izan zuten bai txikiek bai helduek.
Elizaren araudia aldatu egin da eta, horregatik, lehen Aralarren ohikoak ziren bataioak orain norberaren parrokian egin behar dira. Aralarko santutegiarekiko lotura mantentzeko 2004ean ekin zion kofradiak haurren aurkezpenak antolatzeari. Atzorako aldez aurretik 55 haurren izenak jasoak zituzten, eta beste 20 bat atzo bertan aurkeztu ziren. Horiek hurrengo asteetan jasoko dituzte haurrak Aralarko aingeruaren babesa dutela dioen pergaminoa.
Argazkiak: Nerea Mazkiaran