Asteburuan VI. Txumaren Nazioarteko Hiru Egunak kadeteen mailako puntako lasterketa jokatu da Bizkaian. Ostiralean Erandiok hartu zuen etapa (63 km), larunbatean Berangok (57 km) eta igandean Erandio Goikoak (62 km). Nafarroako selekzioarekin lehiatu ziren 6 txirrindularietatik 5 sakandarrak dira: Aralar klubeko Igor Arrieta, Aitor Alberdi, Urko Gorriti eta Inhar Astitz eta Burunda klubeko Iker Mintegi. Beraiekin guztiekin batera Imanol Garciak osatu zuen Nafarroako selekzioa.
Taldeak lan bikaina egin du Bizkaiko proba garrantzitsuak izan dituen 3 etapetan. Aitor Alberdik bigarren euskaldunaren maillot berdea jantzi zuen bigarren etapan, azken unera arte mantendu duena. Sailkapen orokorrean Galizia selekzioko Migel Angel Merak lortu du Txumaren Nazioarteko Hiru Egunak irabaztea (4:28:46). Nafarroako selekzioari dagokionez, Aitor Alberdi 16.a sailkatu da eta Igor Arrieta 36.a, biak 26 segundora; Alberdi bigarrena izan da Euskaldunen txapelketan eta bosgarrena lehen urteko kadeteetan. Bestalde, Iker Mintegi 50.a sailkatu da, 1:55era; Urko Gorriti 79.a, 9:59ra; Imanol Garcia 80.a, 11:26ra eta Inhar Astitz 85.a, 15:39ra. Taldekakoan 11.a izan da Nafarroa.