Trail 52 Sport Mendi Kluba taldeak antolatuta, Basque Ultra Trail Series 2017 Zirkuitua (BUTS) jokatzen ari da aurten. Guztira lau etapa dira, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak mendirik mendi batzen dituen mendi lasterketa erraldoi baten barruan. Dagoeneko Bilbo-Gasteiz eta Gasteiz-Iruñea etapak jokatu dira eta agorrilaren 4an, gaueko 12:00etan, Iruñeko Gaztelu plazatik abiatuko da Iruñea eta Donostia batuko dituen hirugarren etapa, igandean, agorrilaren 6an, despedituko dena.
150 korrikalari inguruk eman dute izena hirugarren etaparako. Sailkapen orokorrean buru diren Carlos Garcia eta Silvia Trigueros daude faboritoen artean, Imanol Alesone, Pedro Etxebarria, Dani Agirre, Nerea Martinez, Oscar Perez de Nanclares, Jon Erdaide, Agurtzane Argiarro, Felipe Artigue edo Nuno Silva korrikalariekin batera. Tartean bi sakandar daude, Javier Ignacio Gonzalez altsasuarra eta Javier Rodriguez Orellana altsasuarra. Javier Ignacio Gonzalezek orain arte BUTS lasterketan jokatutako bi etapak osatu ditu eta sailkapen orokorrean 43.a da, 83 punturekin. Aldiz, Javier Rodriguez Orellana Iruñea-Gasteiz etaparekin mustuko da BUTS lasterketan.
Xabier Bergera altsasuarrak bigarren etapa osatu zuen, Gasteiz eta Iruñea artekoa, eta sailkapen orokorrean 65.a da, 68 punturekin.
Dantzaleku Sakanak itxiera lana egingo du
Gasteiz-Iruñea etapan egin zuen moduan, Iruñea-Donostia etapan, eta antolakuntzak eskatuta, Iruñetik Irurtzunera bitartean itxiera lana egingo du Dantzaleku Sakana klubak. Hau da, agorrilaren 4an gaueko 24:00etan korrikalariak Iruñeko Gaztelu Plazatik abiatzen direnean, atzetik joango dira Dantzaleku Sakanakoak, seinaleak eta balizak kentzen, guztia txukun uzten eta atzean gera daitezkeen korrikalariei laguntza ematen. “Esperientzia zoragarria izango da. Mendizaleren batek gurekin etorri nahi badu, lasai asko ager dadila. Halako lasterketa potoloan laguntza ematea eta Iruñea-Irurtzun tartea gauez egitea ederra izango da” adierazi dute Dantzaleku Sakanatik.