1.Ziordiko Futbol Txapelketako irabazlea nor den igandean jakingo da. Aurreko asteburuan finalerdiak jokatu ziren. Lehen partidan txapelketako lehen fasean puntu gehien lortu zituen Ingenieria Iradi taldeak 5 eta 4 irabazi zion Irurtzungo Futsal Sakana taldeari. Bigarren finalerdian, berriz, Ziordia taldeak 6 eta 3 hartu zuen menpean.
Hortaz, igandean Ziordiak eta Ingenieria Iradik jokatuko dute I. Ziordiko Futbol Txapelketako final handia, 19:00etan. Baina ordu bat lehenago, 18:00etan, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Futsal Sakanak eta Auzomotojorik taldeek.
Antolakuntzatik adierazi dutenez, txapelketa antolatzearekin batera diru bilketa egin dute Dravet fundazioaren alde. 485 euro jaso dituzte eta bildutakoa Dravet fundazioko ordezkariei emango diete finaleko jaialdian.
Etxarrin bihar finalak jokoan
Etxarriko Gazte Asanbladak antolatutako areto futbol txapelketako finalak bihar, garilaren 29an, larunbatean jokatuko dira, Etxarriko festen hasierako txupinazoa baino lehen, goizeko 10:30etik aurrera. Lehenik eta behin 3. eta 4. postuetako finala jokatuko da eta, ondoren, final handia.
Lakuntzako txapelketa martxan
Lakuntzan, Biltoki areto futbol txapelketak hartu du Parkea Martxan areto futbol txapelketaren lekua. Txapelketa martxan da eta, besteak beste, Karrotillo, Los Suaves, Irrikiziyuek, Kaimanak, Tximistak eta Biltoki neskak taldeak dabiltza lehian. Ohi bezala, finalak Lakuntzako festen lehen egunean jokatuko dira, agorrilaren 26an, goizeko 11:00etatik aurrera, festetako txupinazoa baino lehen.
I.Ziordiko Futbol Txapelketa
Finalerdien emaitzak:
Ingenieria Iradi 5 – Futsal Sakana 4
Ziordia 6 – Auzomotojorik 3
Finala, igandean:
18:00etan: 3. eta 4. postua: Futsal Sakana / Auzomotojorik
19:00etan, finala: Ingenieria Iradi / Ziordia