Sei urte karguan eman ondoren, Aitor Karasatorre Mugurutzak Sakanako Mankomunitateko presidente kargua David Oroz Alonsori pasa zion atzo. Lakuntzako egoitzan egindako batzarrean Orozek aldeko 12 boto eta abstentzio bat bildu zituen. Mank-eko lehendakari-orde Ainara Aiestaranek Karasatorreren lana eskertu zuen eta haren ondoan asko ikasi zutela gaineratu zuen. Migel Angel Zubiria Galartzarekin bitan gertatu zen moduan, Urdiaingo alkatea da Mank-eko burua atzera ere.
EH Bilduk publiko egin zuen ohar batean Karasatorrek egindako lana “azpimarratu” du. Koalizioak Mank-ek “eskaintzen dituen zerbitzu eta kudeaketa eredu berri bat martxan jarri” duela nabarmendu du. Ziurtatu duenez, “beste fase bat hasiko da orain, egindako lanaren fruitu. Datozen bi urteotan Mank-ek bere etorkizuna eta eskaintzen dituen zerbitzuei heldu beharko die, Tokiko Maparen berrantolaketak planteatuko dituen berrikuntza eta erronkei erantzunez”.
Orain arteko lehendakariak
1987-1991 Jose Manuel Etxeberria Solis.
1991-1995 Manuel Ijurra Etxarri.
1995-1999 Migel Angel Zubiria Galartza.
1999-2003 Jose Manuel Leitza Razkin.
2003-2007 Gorka Ovejero Ganboa.
2007-2011 Migel Angel Zubiria Galartza.
2011-2015 Aitor Karasatorre Mugurutza.
2015-2017 Aitor Karasatorre Mugurutza.
2017-… David Oroz Alonso.