Oporrak

SASOIA jubilatuen elkartea 2017ko uzt. 28a, 08:21

kolaboratzaileak

Edozeinek, edozein taldek egiten duen bezala, urtean zehar borrokan ibili garen jubilatuok ere, atsedenaldi baten beharra sentitzen dugu. Zoritxarrez, bizi dugun egoerak ez digu aukera handirik eskaintzen etorkizun positibo bat amesteko eta zahartzaro duina eskuratu nahi badugu, saiatu beharra gelditzen zaigu. Eta hori egin dugu azkeneko 9 hilabete hauetan.

Hasiera batean, jubilatuei buruz iristen zitzaizkigun berriak ez ziren batere lasaigarriak. Kezka nagusitzen joan zitzaigun. Jubilatuen kutxan gelditzen zen diruak agortzen ari ziren; bazen,  iazko Eguberrietako estra ordainduko ez zigutela iragartzen zuenik; pentsio pribatuen kanpaina sustatzeko ahaleginetan ibili ziren eta pentsio publikoen sistema zalantzan jarri.

Guk, gureari eutsi diogu: kontzentrazioak, manifestazioak, hitzaldiak, hedabideetan artikuluak… Pentsio Sistema Publikoa defendatzeko. Zahartzaro duin bat bermatzeko ez dugu ikusten beste aukerarik eta hori ziurtatu nahi dugu, nola edo hala; baina, gure pentsioen ardura, Estatuaren ardura  izan dadila. Handia izan da gai hau gizarteratzeko egin den lana. Beharbada ez ditugu nahi hainbat emaitza jaso; mesfidantza, etsipena, konformismoa zabalduegi daude gure artean.

Guk ez dugu etsi, eta, hasieran esan dugun bezala, atseden baten beharra sentitu arren, ez daukagu gaia erabat baztertzeko asmorik. Adi egongo gara, oporrak bai, baina borroka ere bai, baibaitakigu gaurko politikariak udako oporrez baliatzen direla ziria sartzeko edo adarra jotzeko.
Eta, bukatzeko, gomendio bat: aprobetxa ditzagun oporrak gure biloben xarmaz gozatzeko, haien bizitasunak gaztetu egiten gaitu.