Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzua-Nafar Lansare zerbitzuaren bidez, langileen enplegu formaziorako zeukan eskaintza berrindartu du. Horretara 1,9 milioi euro gehiago bideratu dira eta, horrela, ikastaroen eskaintza askoz zabalagoa egongo da 2017ko bigarren seihilabetekoan. Hasieran, 2017rako eskaintza 223 ikastaro eta 3.300 pertsonendako plaza zen. Horri 407 ikastaro gehiago gehitu behar zaio, beste 6.500 plazarekin.
Aurretik zeuden ikastaroak eta berriak gehituz, honakoa eskainiko da Altsasun irailetik aurrera: zubi-garabiko gidari operadorea (Lanbide Heziketan, irailaren 25ean, 27an eta urriaren 2an, 4an, 9an eta 10ean, 15:00etatik 19:00etara); tornulariei eta fresatzaileei zuzendutako ikastaroa, txirbil abiatze-sistema, prozesua eta programazioa ikasteko (Lanbide Heziketan, 540 ordukoa, irailaren 9an hasiko dena, 15:00etatik 20:15era) eta lengua castellanako 2. mailako konpetentzia eta matematikako 2. mailako konpetentzia ikastaroak, 2. mailako Profesionaltasun Ziurtagiria lortu nahi dutenei formazioa emateko. (Lanbide Heziketan). Azken biei dagokionez, bakoitza 64 ordukoa da. Lenguakoa irailaren 21ean hasiko da eta matematikakoa, aldiz, irailaren 22an. Goizeko 11:00etatik 13:00etara izango dira klaseak.
Ikastaroen informazio guztia www.empleo.navarra.es web gunean dago.