Sakana Motorsport eskuderiak eta Nafarroako Automobilismo Federazioak I. Irurtzun-Arakil Rallysprinta antolatu dute agorrilaren 5erako. Proba Nafarroako Asfalto Gaineko Rally Txapelketarako eta Nafarroako Junior mailako Rally Trofeorako baliagarria da.
Agorrilaren 5ean jokatuko da I.Irurtzun-Arakil Rallysprinta. Goizeko 08:00etatik aurrera autoek egiaztapen tekniko eta administratiboak pasa beharko dituzte, Irurtzungo eta Arakilgo udaletxeen aurrean, Irurtzungo plazan. Autoen asistentzia gunea Irurtzungo kiroldegiko parkingean egonen da. Lehen parte hartzailea 12:15ean aterako da Irurtzungo plazatik, baina probari 13:00etan ekingo zaio. Ibilgailuek 12,5 kilometroko gune bat hirutan gainditu beharko dute, guztira 37,8 km osatuz. Bukaeran sari ematea izango da Irurtzungo plazan, 19:30etik aurrera.
Sakana Motorsportetik adierazi digutenez Euskal Herriko eta Errioxako pilotuak lehiatuko dira, eta akaso Asturiaskoren bat ere animatuko da. Jakina, Sakanako pilotuak eta kopilatuak bertan arituko dira, ikuskizuna eskaintzen. Aurten estreinatuko den I. Irurtzun-Arakil Rallysprinta urtero antolatzea da antolatzaileen asmoa.
Ibilbidean garilaren 30ean aurkeztuko dute
Antolakuntzak asteburu honetan, garilaren 30ean publikatuko du probak izango duen ibilbidea eta Road-Booka (www.fenauto.com). Hain zuzen ere, ibilgailuek I.Irurtzun-Arakil Rallysprinteko eremua probatzeko eta entrenatzeko eguna garilaren 30a izango dute, 10:00etatik 19:00etara.
Izena ematea
Proban parte hartzeko izena ematea zabalik dago garilaren 29ra arte, www.fotomotor.es web orrian.
Argazki lehiaketa
Probarekin batera, I. Irurtzun-Arakil Rallysprint argazki txapelketa antolatu dute. Argazkilari bakoitzak gehienez 3 argazki aurkeztu ahal izango ditu, agorrilaren 15a baino lehen, chapigo@gmail.com e-postara. Bi pertsonendako afaria irabaziko du txapeldunak eta bere argazki irabazlea publikatuko da.
Sakandarrak Lesakako Rallysprintean
Asteburuan Lesakako Rallysprinta jokatu zen. 36 taldek lortu zuten proba despeditzea eta 12k utzi egin behar izan zuten. Azkarrenak Joseba Beola eta Jose Luis Iratzoki izan ziren, bere Lancer EVO X autoa primeran gidatu eta gero (23:58). Roland Holke pilotuarekin osatu zuen taldea Javier Goikoetxea kopilotu olaztiarrak (Peugeot 208 Vti) eta zazpigarrenak sailkatu ziren (26:09) eta Garikoitz Goñi eta Iñaki Arive (Renault Clio Sport) 15.ak (27:07). Goñik aipatu zuenez, hasieratik izan zituzten arazoak, bobinan edo bujia kableetan. Nahiz eta bujiak aldatu, egoerak ez zuen onera egin eta 15.ak izan ziren, baina euren mailan lehenak.
Asteburu honetan Ultzamako Lurgaineko Rallya jokatuko da.