Agorrilaren 1etik 4ra jokatu zen junior mailako XXXI. Iruñeko Itzulia. Gazteen mailako puntako taldeak lehiatu ziren, 28 guztira, Aralar klubeko Intersport Irabia eta Burunda klubeko Quesos Albeniz taldea.
Bigarren etapa festetan murgildua zegoen Etxarri Aranatzen jokatu zen. Etapa ikusgarria izan zen, 88 kilometrokoa, eta tartean Lizarragako portua gainditu behar izan zuten txirrindulariek, bitan. Victor Alvaro Construcciones taldeko Urko Senperena izan zen etapako irabazlea eta liderra.
Hirugarren etapa irabazi zuen Etxeberriak
Hurrengo egunean hirugarren etapa jokatu zen, Sarrigurenen hasi eta Txoribar gainean despeditu zena (86 km). Intersport Irabiako Josu Etxeberria iturmendiarra ikusgarri aritu zen eta bakar-bakarrik iritsi zen Txoribar gaineko helmugara, sekulako erakustaldia eman ondoren. Etapa irabazteaz gain, mendiko sailkapenean lehena kokatu zen iturmendiarra.
Azkenean, Cartagena taldeko James Mitri britainiarrak irabazi zuen XXXI. Iruñeko Itzulia (8:39:00). Josu Etxeberriak mendiko txapelketa irabazi zuen, 38 punturekin, txirrindulari nafarren artean laugarrena sailkatu zen eta lehen urteko juniorren sailkapenean bosgarrena izan zen.
Bigarrena Villatuertan
Agorrilaren 16an juniorrek XLIV. Villatuertako Zirkuitua izan zuten jokoan. El Caserio Valsay taldeko Alfonso Gastonek irabazi zuen (1:52:32). 3 segundora Intersport Irabiako Josu Etxeberria sartu zen eta mendiko txapelketa irabazi zuen. Quesos Albenizko Iñigo Fernandez 6.a sailkatu zen eta bere taldekide Ailetz Lasa 8.a, Juan Riaño 18.a eta Mateo Gonzalez 40.a.
Bukatzeko, aipatzekoa da Euskal Herriko Junior Mailako Trofeoa Elproex Iturribero taldeko Oier Lazkanok irabazi duela (140 puntu). Josu Etxeberria bosgarrena sailkatu da (98 puntu).