Atzo Euskal Herriko 3. Mailako Aizkora Txapelketako finalerako bigarren kanporaketa jokatu zen Lakuntzan. Eguerdian euria egin zuenez, kanporaketa frontoian jokatu zen. Ikusmina handia zen eta goraino bete ziren Lakuntzako frontoiko armailak.
Hiru txandatan banatuta aritu ziren aizkolariak. Lehenengo txandan Iban Resano dorrobarra aritu zen. Bera izan zen, hain zuzen ere, bere txandako azkarrena eta bigarren kanporaketa honetako irabazlea. Goizeder Beltza etxarriarra, Rodriguez I.a eta Kintana sailkatu ziren atzetik. Bigarren txandan, aldiz, Pellejero nagusitu zen, Telletxearen, Otaegiren eta Olasagastiren aurretik. Eta, hirugarren txandan Rodriguez II.a gailendu zen, Naredoren eta Esnalen aurretik.
Guztien denborak kontuan hartuta, Iban Resanok irabazi zuen Lakuntzako kanporaketa (9:59), Pellejeroren (10:45) eta Telletxearen (10:52) aurretik. Hirurek lortu dute Euskal Herriko 3. Mailako finalerako sailkatzea, lehen kanporaketan sailkatutako Alkizalete II.arekin, Txapartegirekin eta Kortxerorekin batera. Atzetik, Rodriguez II.a (11:06), Goizeder Beltza (11:14), Otaegi II.a (11:32), Rodriguez I.a (12:11), Kintana (12:53), Naredo (12:58), Olasagasti (13:16) eta Esnal (13:36) sailkatu ziren.
Resano eta Beltza, Nafarroako II. Mailako finalera
Irailaren 30ean Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko da Igantzin. Bertan lehiatuko da Iban Resano, agorrilean jokatutako kanporaketan txartela lortu eta gero. Eneko Saralegik irabazi zuen kanporaketa, eta berarekin batera Iban Resano dorrobarrakk, Kañamares IV.ak, Telletxeak eta Goizeder Beltza etxarriarrak lortu zuten finalerako sailkatzea.
Iker Gorritik Nafarroako III. Mailan jarraituko du
Agorrilaren 18an Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketa jokatu zen Ezkurran. Aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Jexux Etxeberria izan zen txapelduna (10:16) eta Xuban Kañamares V.a bigarrena (11:27). Biak Nafarroako II. Mailara igoko dira. Hirugarrena Moisés Gogortza izan zen (12:10), laugarrena Emilio Garcia (13:00) eta bosgarrena Iker Gorriti (13:39). Gorritik, beraz, 3. mailan jarraituko du.