Ikusmin handia piztu zuen agorrilaren 5ean jokatutako I. Irurtzun-Arakil Rallysprintak eta zaletu asko bildu ziren Sakana Motorsport Eskuderiak eta Nafarroako Automobilismo Federazioak antolatutako proba jarraitzera.
Irurtzungo plaza izan zen probako hasierako gunea, bertan bildu baitziren proban parte hartu zuten ibilgailuak. Autoek antolakuntzak zehaztutako 12,5 km-ko ibilbidea hirutan osatu behar izan zuten, 37,8 km osatuz. Euri fina egin zuen hasieran eta zein gurpil aukeratu, buruhauste ederra izan zuten pilotu eta kopilotuek.
20 autok lortu zuten proba despeditzea. Azkarrenak Mattin Villares eta Andoni Blas izan ziren (Clio Maxi, 22:29), autoa bikain gidatu eta gero. Sakana Motorsporteko Iban Lopez de Goikoetxea pilotu olaztiarrak eta Javier Fernandezek lan ederra egin zuten eta sailkapen orokorrean laugarrenak sailkatu ziren, euren mailan, Formula Librean, hirugarrenak. “Hasieratik lasterketa bikaina egin genuen, eraso bizian ibili ginen” adierazi digu Olaztiko pilotuak.
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Isaak Zurbanorekin aritu zen Iker Askargorta kopilotu olaztiarrak (Kadett Gsi) lan polita egin zuten eta bederatzigarrenak sailkatu ziren, euren multzoan lehenak (24:33). Aitor Fernandez kopilotu olaztiarra (Saxo VTS) eta Alberto Sanchez (Saxo VTS) 13.ak izan ziren, euren kategorian lehenak (24:47).
Bestalde, etxean lehiatzen zen Garikoitz Goñik eta Iñaki Arivek (Clio Sport) matxura izan zuten lehen ibilbidean eta erretiratu egin behar izan ziren. Berdina gertatu zitzaion Javier Goikoetxea kopilotu olaztiarrari, Roland Holkerekin batera (DS3 R3T Max) proba utzi behar izan Baitzuten, arazo mekanikoak tarteko. Guztira 11 taldek utzi behar izan zuten proba.