Aurreneko mendi erreskatea agorrilaren 12an izan zen, Irurtzunen, Biaizpen hain zuzen ere. 26 eta 27 urteko eskalatzaile bizkaitar pare bat haitz nagusitik jaitsi behar izan zituzten. Izan ere, biak gailurretik 80 metrora gelditu ziren, ezin iritsi. Hainbat ordu eman zituzten zintzilik paretan, baina onik atera ziren.
Hurrengo mendi erreskatea, Lizarragako San Adrian ermitaren ondoan izan zen, hilaren 18an. Hegaldia bukatu zuen parapentelariak lurra hartu zuen, baina oihala pago adar batean trabatuta gelditu zen. Antza usteldua zegoen eta gainera erori zitzaion. Kolpearen ondorioz 43 urteko emakumezko etxarriarrak ezker hankako tibia eta perone hezurrak hautsi zituen. Nafarroako ospitale gunera helikopteroz eraman zuten.
Azkenik, hilaren 24an, bi erreskate izan ziren. Beriain mendian mendizale batek hanka koxkorrean min hartu zuen, bihurritu egin zitzaion. Iristeko toki erraza ez zenez, gizonezkoa helikopteroz eraman zuten Nafarroako ospitale gunera. Ostegun horretan, bestalde, basozainek Urbasan galduak zeuden bost txirrindulari Balentziar erreskatatu zituzten. 20:35ean euren egoeraren berri eman zuten, Lubierriko trikuharriaren ondoan zeudela gaztigatuz. Han gelditzeko esan zieten larrialdietako teknikariek eta ordu baten buruan basozainak han ziren eta euren autora eraman zituzten.
Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez, txirrindulari horiek Interneteko web orri baten bidez eskuratu zuten egiten ari ziren ibilbidearen informazioa. Baina ez da ibilbide ofizial bat eta natur parkeko administrazioak ez du baimendua. Hasiera batean seinaleztatu bazuten ere, ez dute mantendu eta seinaleak galduz joan dira. Horregatik galdu ziren bost txirrindulariak. Halakoak eragozteko Nafarroako Gobernutik aholkatu dute natur parkeko esku-orrietan jasotzen diren ibilbide-ofizialak besterik ez erabiltzeko.