Larrañaga, Unzurrunzagatarrak eta Beraza bikain Valle de Tena Trailean

Guaixe 2017ko abu. 31a, 07:59

Iosu Unzurrunzaga.

Aran Larrañagak emakumezkoen 8 K Valle de Tena irabazi zuen, Iosu Unzurrunzaga laugarrena sailkatu zen  (77 km, 6.800 m desnibel +) eta Jose Luis Beraza bosgarrena sartu zen 4 K Valle de Tenan (43 km, 3.600 m desnibel +)



Asteburuan jokatu da, Pirinioetako mendi zoragarrietan, Valle de Tena Traila. Hiru distantziatan lehiatu dira korrikalariak. Tartean ibili dira Etxarri Aranazko Unzurrunzagatarrak eta Jose Luis Beraza eta Aran Larrañaga uhartearrak. Ibilbide gehiena 2.000 metrotik gora osatu behar izan zuten eta tartean Gamo Negro (3064 m) hirumilakoa gainditu behar izan zuten.  

Aran Larrañaga txapelduna
8 K Valle de Tena Trailean korrikalariek 77 km eta 6.800 metroko desnibel + zuten aurrez-aurre korrikalariek. Sergio Gimeno gailendu zen, 11 ordu eta erdi pasa eta gero (11:40:19). Aipatzekoa da Iosu Unzurrunzaga Ganboa laugarrena sailkatu zela proba zoragarria burutu eta gero (12:01:00). Eta zer esanik ez Aran Larrañagak lortutakoa: Uharte Arakilgoak emakumezkoen proba irabazi zuen (16:07:02). Ikusgarria Larrañagak lortutakoa, ordu bat atera baitzion bigarren emakumeari, Ester Sanchezi (17:07:40). Sailkapen absolutuan 39.a sailkatu zen Larrañaga, emakumezkoetan lehena. Bere bikotea, Patxi Rubio, berarekin sartu zen, 41. Postuan (16:07:03).

Bestalde, 4 K Valle de Tena Trailean, 43 km eta 3.600 desnibel + osatu beharra zegoen. Alfredo Gil izan zen txapelduna (5:48:28) eta Jose Luis Beraza uhartearra bosgarrena sailkatu zen (6:22:40), probako bigarren beteranoa. Ander Unzurrunzaga Iurrebaso beterano etxarriarra bederatzigarrena sartu zen (6:53:53) eta Ander Unzurrunzaga Ganboa semea 40.a (7:52:40).