Maialen Aramendia Espainiako erlojupeko txapeldunordea

Guaixe 2017ko abu. 30a, 11:45

Josu Etxeberria bosgarrena sailkatu zen gizonezkoen lasterketan. Nafarroako selekzioan lau sakandar aritu ziren: Aramendia, Gonzalez, Etxeberria eta Lasa

Asteburuan Espainiako Junior Mailako Txirrindularitza Txapelketa jokatu da Valladoliden. Emakumezkoen Nafarroako selekzioan Maialen Aramendia eta Bakarne Gonzalez sakandarrak aritu dira. Iturmendiarrak primerako lana egin du eta zilarrezko domina ekarri du, erlojupekoko txapelketan. Erlojupekoan haizeak indarrez jo zuen eta txirrindulariren batek ere lurrean bukatu zuen. “Hasierako sentsazioak ez ziren oso onak eta haize indartsuak ez zuen behar bezala ibiltzen laguntzen. Bizikleta eustea, hori zen nire kezka, baina erlojupekoak aurrera egin ahala, erritmoa hartu eta ongi ibili naiz. Oso pozik nago” adierazi zuen Maialen Aramendiak.  
Gaztela eta Leongo Sara Martin izan zen txapelduna (22:32), Maialen Aramendiari 37 segundo aterata. Bestalde, Bakarne Gonzalez altsasuarra ere pozik zegoen egindako lanarekin. 9.a sailkatu zen altsasuarra, 2:48ra.

Lineako probari dagokionez, Gaztela eta Leongo Sara Martinek irabazi zuen, helmugara bakarrik iritsi eta gero (2:16:38). Maialen Aramendia tropelarekin batera sartu zen, 3:11ra, eta 15.a sailkatu zen. Bakarne Gonzalez 41.a sartu zen, 20:12ra.

 


Etxeberria bosgarrena
Gizonezkoetan Josu Etxeberria iturmendiarra eta Ailetz Lasa ziordiarra lehiatu ziren Nafarroako selekzioarekin. Euria izan zen lasterketako protagonista, eta horrekin batera erorikoak. Horren isla, Nafarroako selekzioko 5 txirrindularik bukatu zuten lurrean. Josu Etxeberria azkeneko ihesaldian sartu zen, beste 5 txirrindularirekin batera. Gaztela eta Leongo Ramon Diazek irabazi zuen proba (2:48:31) eta Etxeberria bosgarrena sailkatu zen, denbora berean.  

Bestalde, erlojupekoa Galiziako Guillerlmo Garciak irabazi zuen (19:50). Josu Etxeberria 33.a sailkatu zen, 3:35ra. Ailetz Lasa 49.a sailkatu zen, 6:53era.

Aramendia, Europan
Agorrilaren 2tik 6ra Europako Txirrindularitza Txapelketa jokatu zen Herningen. Emakumezkoetan 11 emakume konbokatu zituen Espainiako selekzionatzaileak, tartean, juniorretan, Maialen Aramendia. Erlojupekoan 27.a sailkatu zen Aramendia eta lasterketan, tropeleko eroriko baten ondoren atzean geratu zen iturmendiarra eta 76.a sailkatu zen, 8:29ra.