Mendi lasterketa berri bat dugu Sakanan: I. Tritoiena mendi lasterketa. Proba antolatzea Arbizuko Ekokanpinaren inguruan ibiltzen den talde bati bururatu zitzaion. Irailaren 9an jokatuko da, larunbatarekin, goizeko 9:30ean Arbizuko ekokanpinetik abiatuta. 30 km-ko eta 1.800 metro desnibeleko proba izango da, eta, besteak beste, Beriain igo beharko dute korrikalariek. Arbizuko ekokanpina, Ergoienako Udala eta Dantzaleku Sakana Atletismo Kluba dira antolataileak, makina bat babesleren laguntzarekin.
Aipatutakoa proba solidarioa izango da. Izan ere, izena ematearen truke 13 euro ordaindu beharko dute korrikalariek eta bildutakoa Down sindromea duten neska-mutilek osatutako Motxila 21 taldeari bideratuko zaio.
Lizarragako tunela, Andia eta Beriain
I. Tritoiena mendi lasterketa paraje zoragarrietatik igaroko da eta Ergoienako hiru herriak zeharkatuko ditu. Arbizuko ekokanpinetik aterata, Lizarragara joko dute korrikalariek, tuneletik gora eginez, Andia mendi ertzean buelta ederra egiteko. Aitzorrotzetik jaitsita, Dorraura iritsiko dira eta handik Unanura joko dute, handik Beriain igotzeko. Beriainen, Uharte Arakilgo portutik jaitsiko dira, eta Beriain magaletik Arbizuko Ekokanpineko bidea hartuko dute, helmugara iristeko. 30 km eta 1.800 metroko desnibeleko proba da.
Izena emateko
Lau bide daude izena emateko: inscripciones@quieroundorsal.es eposta bidez, 848 470 922 telefonora deituz, info@campingarbizu.com eposta bidez edo rockthesport.com web gunean. Gehienez ere 250 korrikalari onartuko dira.
Mendi lasterketa baino zerbait gehiago izango da I. Tritoiena mendi lasterketa. Lasterketa 9:30ean abiatuko da baina Arbizuko Ekokanpingak eguerditik aurrera azoka hartuko du. Eta sariak emateko ekitaldian omenaldia egingo zaie Unanuko Joxe Mari Mercero korrikalari beteranoari eta Maitane Txueka korrikalari arbizuarrari.