Nafarroa Kirol Elkarteak hainbat babeslerekin antolatuta, irailaren 9an eta 10ean Urbasa Karst orientazio proba jokatuko da Urbasan, aldi berean 8. eta 9. Ipar Liga orientazio proba eta 7. eta 8. O´Pyrene Liga izango dena. Larunbatean, hiruko taldeak osatuta, errelebo txapelketa egongo da jokoan eta igandean, aldiz, bakarkako proba. Antolatzaileek 200-500 partaide inguru espero dituzte, tartean sakandarrak.
Proba hori aitzakia hartuta, eta sakandarrak orientazio probetan trebatzeari begira, Sakana Garapen Agentziak, Nafarroa Kirol Elkarteak eta Olaztiko Udalak oinarrizko orientazio ikastaroa antolatu dute Olaztin eta Urbasan. Ikastaroak bi atal izanen ditu. Irailaren 5ean, asteartean, alde teorikoa landuko dute Olaztiko Kultur Etxean, 19:00etatik 21:00etara. Orientazioa zertan datza, orientazioa kirol moduan nola lantzen den eta mapa bat nola irakurtzen den aztertuko dute, besteak beste. Eta alde praktikoa irailaren 9rako, larunbaterako utziko dute. Goizeko 11:00etatik 13:00etara orientazioaz ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izanen dute izena ematen dutenak. Ikastaroa gazteleraz izango da.
Izena emateko
Ondoko helbidean: furbitarte@sakanagaratzen.com. Ikastaroa dohainik da, baina toki mugatuak daudenez, izena ematea lehenbailehen egitea gomendatzen dute antolatzaileek.