Izenik gabeko gauzak hatzez adierazi izan dira historikoki. Nola izendatu gorputz fisikorik gabeko errealitate pertsonal eta sozialak?
Ezin hatzez adierazi demokrazia, askatasuna, totalitarismoa, edertasuna…ezta xenofobia, homofobia, islamofobia, arrazakeria…Errealitate sozial hauek, izen bat behar dute: badirela jakiteko, eta haiekiko jarrera bat hartzeko.
Horixe gertatu da xenofobia eta arrazakeriarekin: pertsona zehatz batzuekiko gorrotoaz ari gara, edozein dela ere arrazoia. Kasu guztietan, mesprezatzen duenak mesprezatzen duenarekiko handitasun jarrera azaltzen du.
Azken urteetan Europan xenofobiaren termometroak ikaragarri egin du gora. Ez dago, ordea, oso argi igoera horren sustraian xenofobia bezalako jarrera soilik dagoenik.
Badirudi ez dela atzerritarra, kanpokoa delako soilik, beldurra sortzen diguna. Izan ere, ez digu beldurrik sortzen futbol taldeak erosten dituzten ekialdetarrak; edota jatorri anitzeko futbolariak; ezta flamenkoan arrakasta duten ijitoak… Aldiz, ateak ixten dira errefuxiatu politikoentzat, etorkin pobreentzat, eskean dabilen jendearentzat…
Hortaz, arazoa ez da arraza, edota jatorria, atzerritarra. Arazoa pobrezia da. Pobrea. Pobrea, áporos grekeran, da traba egiten diguna. Pobreari fobia izateak eramaten gaitu pertsona hori baztertzera. Pertsona guztien duintasun berdinarekiko errespetuan oinarritzen den kultura morala eta politiko batek gainditu behar lituzke egunerokoan ematen diren diskriminazio modu hauek.
Beharrezkoa da pobrea baztertzeko jarrerari izen bat jartzea; jarrera horrek bizi sozialean indar handia duelako, justu, anonimatutik abiatzen delako.
Pobrea baztertzea, izen-abizenak dituzten pertsonen duintasunaren kontrako atentatu bat da. Duintasun berdinaren errekonozimendua, eta ongi ulerturiko konpasioa, zentzuzko etika baterako bi ardatz dira; negoziatu ezinak, diskriminazio ankerraren mundu hau gainditzeko.