Kultura Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoa lantzen ari da. Hura osatzeko kultura eta arte eragileen parte hartzea nahi du eta, horregatik, herrialdean barna sei lan-mahai antolatu ditu. Herri bakoitzean bi saio izanen dira. Aurrenekoan, gobernuko ordezkariek kultura arloko eragile nafarrekin diagnosiaren aurreneko proposamen bat kontrastatu eta ekarpenak jaso nahi dituzte. Horri esker, Nafarroako kulturaren gaur egungo eta etorkizuneko errealitatearen mapa eraikiko da. Bigarren saioan, berriz, hurrengo urteetarako Planaren zer ekintza egingo diren erabakiko da.
Lan-mahai horietako bat Altsasun izanen da, Iortia kultur gunea zehazki. Lehen saioa astelehenean da, 11:00etatik 13:30era. Bigarrena, berriz, irailaren 22an, 17:00etatik 19:30era. Horretaz aparte, herritarren mahaiak aurreikusita daude, Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoaren ikuspegiak osatzeko. Horiek hiru herrietan eginen dira eta haietako bat Altsasu da (irailaren 27an, Iortia Kultur gunean).
Kultura Planaren helburuen artean daude herrialdearen kultur beharrak atzematea, eta departamentuak azken bi urteetan egindako jarduerekin batera, epe ertain eta luzerako kultur politika finkatzea. 2017-2023 eperako plana litzateke. Administrazioetako, erakunde publiko eta pribatuetako, GKEetako, elkarteetako kideak joan daitezke lan-mahaietara. Baita interesa duen publikoak ere. Hala ere, aldez aurretik izena eman behar da.