Begiraleendako hizkuntza prestakuntza ikastaroa Altsasun

Guaixe 2017ko ira. 1a, 09:04

Irailaren 8an eta 9an izanen da Altsasun. Mank-en eman behar da izena, irailaren 4a baino lehen.

Nafarroako Gobernuak Euskararen I. Plan Estrategikoa (2016-2019) onartu zuen ilbeltzaren 25ean. Bertan zehaztutako egin beharren artean jasotzen dira “hizkuntza dinamizazioko prestakuntza ekintzak egitea monitore, hezitzaile, entrenatzaile eta antzekoekin, egiten dituzten ekintzetan euskararen erabilera susta dezaten” eta “monitore, hezitzaile eta entrenatzaileei hizkuntza prestakuntza teknikoa eta baliabideak ematea (bereiazko hiztegiak, ikastaroak, materialak eta abar). Horrela, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak begiratzaileendako 9 ikastaro antolatzea erabaki du, Dindaia fundazioaren bidez, eta horietako bat Altsasun eginen da, Sakanako Mankomunitatearen eta Altsasuko Udalaren laguntzarekin.

Begiraleak eragile: euskarazko sozializazioa sustatzeko ikastaroa
Izenburu hori du Altsasun irailaren 8an –17:00etatik 20:00etara– eta irailaren 9an –10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara– Dindaia Fundazioak eskainiko duen ikastaroak. Zelandi kiroldegiak hartuko du ikastaroa, eta monitoreei, hezitzaileei eta entrenatzaileei zuzendua dago.

Edukiari dagokionez, hezitzaileendako Nafarroako Gobernuak argitaratutako gidaren aurkezpena eginen da; Nafarroako euskararen egoera eta oinarri soziolinguistikoak azalduko dira; aisialdiko jardueratan euskara sustatzeko estrategiak eta teknikak aipatuko dira eta euskara sustatzeko baliabideez eta ondorioez arituko dira bildutakoak. Parte-hartzaileei gidatxoa banatuko diete.

Izena emateko
Ikastaro hau jaso nahi dutenek irailaren 4ra arte (eguerdiko 12:00ak arte) eman dezakete izena Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan (948 464 840) edo euskara2@sakana-mank.eus). Ikastaroa eskaini ahal izateko gutxieneko kopurua 10-12 lagunekoa da, eta gehienezkoa 25ekoa. Plazak izena emateko hurrenkeran beteko dira.