Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako XLVIII. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoari larunbatean eman zitzaion hasiera. Pilotazaleak poliki hurbildu ziren Burunda pilotalekura, torneoaren lehen finalerdia baitzuten jokoan Uharte Iruñea eta Irurtzun klubek.
Jaialdia zabaltzeko, Altsasuko Pilotajauku eskolako lau ikasleen arteko partida jokatu zen. Lehia entretenigarrian, Ulaiarrek eta Olaizek 18 eta 15 irabazi zieten Zubiriari eta Gonzalezi. Eta ondoren eman zitzaion hasiera Otadiko Kristo Deuna Torneoari. Uharte Iruñea eta Irurtzun klubak lehiatu ziren, hiru modalitateetan.
Lau t´erdian, Uharte Iruñeko Espinal izan zen jaun eta jabe. 18 eta 4 hartu zuen menpean Irurtzun klubeko Olano, 26 minututan azkar-azkar erabaki zen partidan. Hala ere, Irurtzun kluba ez zen kikildu eta buruz buruko partidan berdintzea lortu zuen, Alberto Ongayk tarte laburragoan, 23 minutu eskasetan, Uharte Iruñeko Etxeberria 5 tantotan utzi baitzuen. 18 eta 5 irabazi duen Satrustegikoak eta sakez 7 tanto sartu zizkion Uharte Iruñekoari.
Beraz, azkenean jokatu zen binakako partidak erabaki zuen lehen finalerdia. Uharte Iruñeko Yoldi eta Peñas izan zituzten aurkari Irurtzun klubeko Ollok eta Azanzak. Emozioa pil-pilean zegoen, finaleko txartela baitzegoen jokoan. Aipatu beharra dago Yoldi eta Peñas ikusgarri aritu zirela eta irurtzundarren gainetik pasa zirela, 7 tantotan utzi baitzituzten Ollo eta Azanza (22 eta 7). Tartean, Yoldik 6 tanto egin zituen sakez.
Horrela, lehen finalerdian Uharte Iruñeak egin du aurrera eta irailaren 15ean Altsasuko festetan jokatuko den final handirako sailkatu da. Beste finalista nor izango den larunbat honetan jakingo da, irailaren 9an, Otadiko Kristo Deuna Torneoko bigarren finalerdia baitago jokoan, 22:00etan, Burunda pilotalekuan. Erreka eta Oberena kluben artean erabakiko da nor izango den beste finalista.