Asteburu honetan hasi da Emakumezkoen Futboleko 2. Mailako 2017/2018 denboraldia. Mulier talde nafarrean lau sakandar dabiltza lehian: Ane Cantero atzelari altsasuarra (1997-12-10), Irati Igoa aurrelari etxarriarra (2001-03-29), Aroa Cerezo atzelari lakuntzarra (202-02-26) eta Maitane Vilariño erdilari olaztiarra (2002-06-30). Azken hirurek aurten debutatu dute taldearekin.
Mulier taldeak ostegunean egin zuen denboraldiko aurkezpena. Taldea guztiz berritu da, 16 jokalari berri sartu direlako, Cerezo, Vilariño eta Igoa tartean. Horregatik, ez dute helburu zehatzik jarri. “Taldea sortzea eta egonkortzea, hori da gure nahia, indartsu izateko taldea sortzea. Azarotik aurrera ikusiko dugu zein izan daitekeen gure gailurra” adierazi zuen, aurkezpenean, Mikel Gonzalez taldeko entrenatzaile berriak.
“Aurten aldaketa handia egon da taldean jokalariei dagokionez, eta gainera entrenatzaile berriak etorri dira. Azken finean elkarrekin inoiz jokatu ez duten talde berri bat gara eta zelaian elkar ulertzeko eta gauzak ondo egiteko lan handia egin behar da. Gainera oso talde gaztea osatu dugu, eta horregatik denboraldi honetan gure lehenengo helburua maila mantentzea da, eta hortik aurrera ahalik eta partida gehien irabaztea, sailkapenean ahalik eta postu hobean egoteko” azaldu digu Irati Igoa aurrelari etxarriarrak. Aipatu digunez, astean hirutan entrenatzen dute, asteartetan, ostegunetan eta ostiraletan, 20:30etik 22:00etara. “Aldaketa handia da erregional mailatik 2. mailara pasatzea, baina azkar ohitu gara. 2. maila serioagoa da” nabarmendu du etxarriarrak.
Lehen partida berdindu
Ligako lehen partidan Mulierrek Añorga izan zuen aurkari. Irati Igoa hasierako hamaikakoan atera zen, baina azken txanpan Sanchezek ordezkatu zuen etxarriarra. Aroa Cerezo hasieratik atera zen ere zelaira, baina gero Maitane Vilariñok ordezkatu zuen lakuntzarra. Eta Ane Canterok ez zuen jokatu. Partida lehiatu eta entretenigarrian, Añorgak aurreratzeko aukera izan zuen baina Irati Igoa etxarriarrak euren asmoa zapuztu zuen, buruz. Mulierrek ere gola sartzeko aukera izan zuen baina baloia ez zen sartu. Bigarren zatian egoerak berdintsu jarraitu zuen. Irati Igoak aukera bikaina izan zuen baina ez zuen borobiltzea lortu. Eta Mulier hobekien zegoen tartean Añorgako San Adrianek gola sartu zuen.
Mulierrekoek ez zuten behera egin eta lanean gogor jarraitu zuten. Eta partida bukatzear zegoenean Carlotak 40 metroko jaurtiketa eginda berdinketaren gol ikusgarria sartu zuen. Horrela, puntu batekin abiatu dute liga Mulierreko neskek.
Emakumezkoen 2. mailako sailkapenean Athletic B da liderra (3 puntu) eta Mulier 7.a da (puntu 1). Hurrengo jardunaldian Mulierrek Gasteizko taldearen kontra jokatuko du. Denboraldi konplikatua izango da, 14 taldeak, guztiak, puntako taldeak direlako.
Mulier 2017 / 2018
Atezainak: Maialen Villanueva eta Nuria Rodriguez.
Atzelariak: Ane Cantero, Aroa Cerezo, Ines Escribano, Irene Gaztelu, Josune Urdaniz, Nahiara Sanchez, Olaia Brieba eta Ariana Montañes.
Erdilariak: Aitana Zumarraga, Argiñe Iraizoz, Lorena Montañes, Maria Aizkorbe, Alba Gil, Carlota Ursua, Maitane Vilariño eta Naroa Perez.
Aurrelariak: Irati Ros, Tamara Sanchez eta Irati Igoa.
Entrenatzailea: Mikel Gonzalez.