Dena prest I. Tritoiena mendi lasterketarako

Guaixe 2017ko ira. 8a, 14:06

Bihar, larunbatean, abiatuko da, 9:30ean, Arbizuko Ekokanpinetik. Ergoienako hiru herriak eta San Adrian, San Pedro eta San Donato ermitak batzen dituen lasterketak 30 km ditu, baina ibilbide laburra egiteko aukera ere badago (15 km)

Sakanako mendi lasterketen eskaintza zabaldu egin da, bihar I. Tritoiena mendi lasterketa jokatuko baita Ergoienan. Proba goizeko 9:30ean abiatuko da, Arbizuko ekokanpinetik. 30 km eta 1.800 metro desnibeleko proba luzea izango da, eta tartean, Lizarragako tunela igo, Andian barna ibili, Dorrau eta Unanura jaitsi eta Beriain igo eta jaitsi beharko dute korrikalariek, Arbizuko ekokanpinean bukatzeko. Proba luzea denez, aldi berean laburragoa antolatzeko eskaria jaso zuten antolatzaileek eta ibilbide erdia egitea da beste aukera, 15 km ingurukoa. Kasu honetan korrikalariek ez dute Beriain igo beharko.

Probaren antolatzaileak Ergoienako Udala, Arbizuko ekokanpina eta Dantzaleku Sakana Atletismo Kluba dira, makina bat babesleren laguntzarekin. “Lasterketa antolatzearen ideia Unanuko festetan sortu zen. Ergoienako alkate Joseba Imazekin hitz egiten ari ginen, eta Ergoiena ezagutarazteko bertako ibilbide eta xendetatik mendi lasterketa egitea ideia polita izango litzatekeela otu zitzaigun” adierazi digu Kepa Lodik, ekokanpinaren inguruan ibiltzen den antolatzaileetako batek.

Ergoiena ezagutarazi eta Beriain mendi lasterketetan sartu
Ekimenarekin hainbat helburu lortu nahi dira. “Batetik, Ergoiena ezagutaraztea. Ibilbide eta xenda ederrak ditu eta turistikoki oso erakargarria da. Sakanak duen beste erakargarritasun gune ederra da Ergoiena, askorendako oharkabean pasatzen dena” azaldu du Kepa Lodik. Beste helburu bat Beriainek mendi lasterketa izatea da. “Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala ez da mendi lasterketa bat, bertikal bat baizik. Horren ezaguna izanda Beriainek mendi lasterketa ez izateari bueltak ematen hasi ginen eta, azkenean, animatu gara eta I. Tritoiena mendi lasterketa antolatu dugu” gaineratu du. Aipatuetako helburuez gain, euskara eta xendazaletasuna bulkatu nahi dute. “Ergoienan xenda ibilbide zoragarriak daude. Bertan ibilbideak egin daitezke, artzainena adibidez… aukera turistiko handiak daude eta badakigu administrazioetan ere gaia aztertzen ari direla” nabarmendu du antolatzaileak.

Zergatik Tritoiena izena? “Jende guztiak galdetzen digu hori. Ergoienako hiru herrietatik –Lizarraga, Dorrao eta Unanu– eta hiru ermitatik –San Adrian, San Pedro eta San Donato– pasatzen delako. Probaren ibilbiderik gehiena Ergoienan gauzatzen da, baina Ergoienan ez dago azpiegitura egokirik halako lasterketa hartzeko eta, horregatik, Arbizuko ekokanpina izango da irteera eta helmuga” azaldu digute antolatzaileek.

Lizarragako tunela, Andia eta Beriain
I.Tritoiena mendi lasterketa paraje zoragarrietatik igaroko da. Arbizuko ekokanpinetik aterata, Lizarragara joko dute korrikalariek, tuneletik gora eginez, Andia mendi ertzean buelta ederra egiteko. Aitzorrotzetik jaitsita, Dorraura iritsiko dira eta handik Unanura joko dute, handik Beriain igotzeko. Beriainen, Uharte Arakilgo portutik jaitsiko dira, eta Beriain magaletik Arbizuko Ekokanpineko bidea hartuko dute, helmugara iristeko. 30 km eta 1.800 metroko desnibeleko proba da. Bestalde, eta jendeak eskatuta, ibilbide erdia egiteko aukera dago. Unanura iristerakoan, Beriainera igo beharrean, zuzenean ekokanpinera joanez (15 km). Ibilbidean barna 7 hornidura gune jarriko ditu antolakuntzak.

Azoka eta omenaldiak
I.Tritoiena lasterketa burutzen den bitartean, Arbizuko Ekokanpingak eguerditik aurrera azoka hartuko du. Beraz, giroa ziurtatuta dago. 14:00ak inguruan sari ematea izango da eta bertan omenaldia egingo zaie Unanuko Joxe Mari Mercero korrikalari beteranoari eta Maitane Txueka korrikalari arbizuarrari. “77 urterekin lasterketetan parte hartzen jarraitzen du Mercerok, sekulako mailarekin. Eta Chueca emakume korrikalarietan aitzindaria izan da Sakanan, 3 aldiz aritu da Zegama-Aizkorrin, Saharako lasterketan aritu da… nola ez ditugu omenduko? Merezi dute” adierazi dute antolatzaileek.  

Bildutakoa Motxila 21 taldearendako
I.Tritoiena mendi lasterketak elkartasun proba izan nahi du. Horrela, izena ematean jasoko den dirua eta egunerako propio atera diren kamiseten salmentatik ateratakoa (Kamisetak 10 eurotan jarriko dira salgai) down sindromea duten musikariek osatutako Motxila 21 taldera bideratuko du antolakuntzak. Bertako kide da Aintzane Lizarraga dorrobarra.

Izena emateko
Lau bide daude izena emateko: inscripciones@quieroundorsal.es eposta bidez, 848 470 922 telefonora deituz, info@campingarbizu.com eposta bidez edo rockthesport.com web gunean. Antolatzaileek 100-150 korrikalari espero dituzte.