Nafarroa Kirol Elkarteak hainbat babeslerekin antolatuta, asteburuan, irailaren 9an eta 10ean Urbasa Karst orientazio proba jokatuko da Urbasan, aldi berean 8. eta 9. Ipar Liga orientazio proba eta 7. eta 8. O´Pyrene Liga izango dena. Bihar, larunbatean, hiruko taldeak osatuta, errelebo txapelketa egongo da jokoan eta igandean, aldiz, bakarkako proba. Antolatzaileek 200-500 partaide inguru espero dituzte, tartean sakandarrak.
Ildo honetan, eta proba hau aitzakia hartuta, sakandarrak orientazio probetan trebatzeari begira, Sakana Garapen Agentziak, Nafarroa Kirol Elkarteak eta Olaztiko Udalak oinarrizko orientazio ikastaroa antolatu dute. Asteartean alde teorikoa landu zuten Olaztiko kultur etxean eta bihar, larunbatean, ikasitakoa praktikan jarriko dute, Urbasan, 11:00etatik 13:00etara.