Galbanduak egoteari uzteko eta nagikeria alde batera uzteko sasoia hastear da. Atzean utzi beharko da ordularia motel-motel ibiltzen deneko garaia; karriketako, basoko, hondartzako, ibaiko edo igerilekurako joan-etorriak eta jolas libreak. Galdubordekeriatan ibiltzeko jada ez dago aukera handiegirik, ordulariaren abiadura azkartzen hasia da. Ikasturteko agenda gizen-gizenari aurre egiten eta asmo berriak bete nahian ibiltzea nekosoa izanen da hemendik aurrera; amaitu dira uxalferkerian aritzeko kontuak.
Irailak bere-berea duen panoramaren jakitun dira ikasturte berriari begira jarri diren neska-mutikoak, izan haur, nerabe edo gazte. Ikastetxeetako ate sarreretan urteroko argazkiak ikusiko ditugu; negar malkoak, adiskideak berriz ikusteko poza edota logale aurpegiak. Halaber, oporretatik bueltan lan-mundura itzultzen direnentzat ere aholku artikuluak irakurtzen hasiak gara. Lanera itzultzearen amorrazioa eta errutinara bueltatzeak sortzen duen ajeari “patologia” izena jarri diote, “opor osteko sindromea” turista-oporzale izateari utzi dionaren gordintasun seinalea soil-soila besterik ez bada ere.
Irailaren fenomenoari beste azalpen bat ematen diotenak ere badira. Antropologoak, esaterako, garai batean “gizarte primitiboak” ikertzera joaten ziren, baina, gaur egun urrutira joan gabe ere behatzen jarraitzen dute, turismoaren antropologia eginez. Beraien esanetan, oporraldi garaian egiten dugun turismoa errutinaren aurkako jarduera omen da eta hain justu bere xarma hor omen dago.
Gauzak horrela, udaran, turista moduan urrun edo gertu ibilitako guztiontzat Guaixek badu proposamena, oporraldiko oroigarri kuttunak Udako Argazki Lehiaketara aurkeztea. Eta bide batez, geok ateratako erretratuak erreparatuz aukera politta izan dezakegu hedabideetan lehertu den turismoari buruzko eztabaidaz hausnartzeko: turismofobia (turistek eragindako kalteek onurak baino pisu gehiago dutela dioen teoria). Guztiok batean edo bestean izan gaitezke turista, baina, gaur egungo turismo ereduaren jasangarritasuna zalantzan dago. Esaten dute turismo jasangarri bakarra gure etxetik oinez edota bizikletaz ateratzean egiten duguna dela. Bestela, ezin omen dugu esan egiten ari garen jarduera jasangarria denik. Zuei, zer iruditzen?