“Sustantziarik gabeko” menpekotasunak

Sakanako Prebentzio Zerbitzuak 2017ko ira. 8a, 08:22

kolaboratzaileak

Menpekotasunei buruz hitz egiten dugunean, ia denei, era automatiko batean sustantziak etortzen zaizkigu burura: alkohola, tabakoa, cannabisa, kokaina…
Hala ere, badaude, “sustantziarik gabeko” menpekotasuna sor dezaketen hainbat jokabide: internet, jokoak (presentzialki eta online bidez), teknologia berriak, mugikorra, janaria, lana, erosketak, sexua... Gizakiok, ondorio atseginak sorrarazten dizkiguten jokaerak errepikatzeko joera dugu eta horregatik hauetako batzuk menpekotasuneko portaera bihur daitezke kasu jakin batzuetan.

Batzuetan bi menpekotasun mota hauek elkarrekin gerta daitezke (ludopatia eta alkohola adibidez). Menpekotasun hauek dituzten pertsonek kasu askotan beste zailtasun batzuk izan ohi dituzte azpitik (depresioa, bizitzako gertaera gogorrak, antsietatea,  motibazio falta, apatia…).

Garrantzitsua da hurrengo puntu hau desberdintzea: ez da gauza bera menpekotasun bat izatea edo erabilera desegoki bat egitea. Askotan kontzeptu horiek nahastu egiten ditugu.  

MENPEKOTASUNA. Esan dezakegu, era orokor batean, jokaera batzuk (ariketa fisikoa, teknologia berrien erabilera…) dosi justu batean eginda onargarriak edota gomendagarriak direla. Horiek menpekotasun bihurtzen dira, zeregin horiek pertsonaren egunaren denbora asko okupatzen dutenean eta ez dutenen jokaera horren hasiera eta hori uztea kontrolatzen, dependentzia bat sortzen baita. Orain arte berarentzat atseginak ziren beste ekintzek interesa galtzen dute eta jokaera hori mantentzen dute nahiz eta kontziente izan ondorio negatiboak ekartzen dizkietela.  

ERABILERA DESEGOKIA. Hamasei urteko gazte batek, adibidez, teknologia berrien erabilera desegoki bat egin dezake, egunean zehar gehiegizko denbora pasatzen duelako horiek erabiltzen. Hala ere, hori ez da bere bizitzaren zentroa; institutura joaten da, lagunekin ateratzen da… eta bere eginbeharrak orokorrean betetzen ditu. Egia da erabilera desegoki horrek ere ondorio negatiboak dituela –denbora gutxiago eskaintzen die ikasketei, etxekoekin harreman gutxi izan dezake, lo gutxi egin dezake…– Eta horregatik beharrezkoa da erabilera apropos bat bideratzea.

Sustantzien menpekotasuna eta ludopatia gertatzen direnean,  helburua horienganako erabateko abstinentzia lortzea da. Hau da, ezer ez kontsumitzea. Sustantziarik gabeko menpekotasunetan, berriz, helburua ez da jokaeraren abstinentzia izatea, baizik eta erabilera egoki bat izaten ikastea. Zergatik? Lana egiten jarraitu behar dugulako, harreman sexualak izaten segitu behar dugulako, kirola egin behar dugulako…

Sendatzeari begira, garrantzitsua da pertsonak arazoa onartzea eta jakitea zerk eraman duen menpekotasun hori izatera. Interbentzio integrala gomendatzen da. Bertan, aspektu emozionalak, kognitiboak eta portaerazkoak lantzen dira. Horien artean jokaera ohitura osasuntsuak, autorregulazioa, denboraren gestioa lantzea… izan daitezke, beste batzuen artean.