Udan euskara hutsezko udalekuetara joan diren ibarreko haur eta gazteen gurasoek Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuan diu-laguntzak eskatzeko aukera dute. 5 eta 15 egun arteko egonaldiak dira Mank-ek diruz lagunduko dituenak. Horretarako 7.500 euro poltsa du.
Diru-laguntzak eskatzeko epea hilaren 29an despedituko da. Laguntza gehienez, 125 eurokoa izanen da. Mank-ek Lakuntzan duen egoitzan honako agiriak aurkeztu beharko dituzte interesatuek: eskabide ofiziala beteta; aitorpena, bestelako laguntzarik jaso edo eskatu dela adieraziz; gurasoren baten NANren fotokopia; udalekura joan denaren erroldatze-agiria; udalekuari buruzko ezaugarriak biltzen dituen dokumentua (antolatzaileek egina edo publizitatea); udalekua antolatu duen entitateak izenpeturiko asistentzia egiaztagiria eta eskatzaileak udalekuaren gastu osoa ordaindu izanaren ordainagiria(k).