Nafarroako Parlamentuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Batzordeko kideak Etxeberriko eta Etxarri Aranazko Jeingenekoa behitegiak bisitatu zituzten asteazkenean. Geroa Baiko parlamentari Unai Hualdek eskatuta egin zen bisita. Hark azaldu zuenez, esne sektoreak Nafarroan duen egoera ezagutzeko etorri ziren Sakanara. Gainera, Sorian behitegitzar bat jartzeak bertako ekoizleei sortuko lieken arriskuak zein liratekeen ere jakin nahi izan dituzte.
Uhaldek esan zuenez, batzordean behin baino gehiago aritu dira Sorian egin asmo duten behitegitzar horren inguruan. Geroa Baikoak gogorarazi zuen Nafarroako Parlamentua abeltzainen bizimodua mantenduko duen azienda ekoizpen ereduaren alde egin duela. Horretarako, ekoizpen eredu jasangarriak lehenetsi ditu ganberak, haien bidez landa garapen egituratzailea lortzeko. Hualderendako bisitatutako bi behitegiak eredu horren adibide dira. Bisitan Luis Casado, Carmen Segura, Begoña Ganuza (UPN), Unai Hualde, Patxi Leuza (Geroa Bai), Dabid Anaut (EH Bildu), Ruben Velasco (Ahal Dugu) eta Inma Jurio (PSN) izan dira.