Lehorte garaian nekazariak euren uzta salbatuko duen zaparrada gozoaren zain egoten dira. Halakoetan abeltzainak ere zerura begira egoten dira, mendiko larreak lehortuta, aziendak jatekorik ez eta hura erosten gastu estra egin behar dutelako. Antzeko aritzen dira Nafarroako udalak, egin asmo dituzten lanak egiteko Nafarroako Gobernuaren laguntzen iturria noiz zabalduko zain. Badirudi Nafarroako Toki Plan berria onartzean udalen ekonomia dependentzia hori murriztuko dela.
Baina hori iritsi bitartean udalendako loteriako sari handi baten modukoa da eskatutako lanetarako finantziazioa foru administrazioaren Tokiko Inbertsioen Planean jasotzea. Nahiz eta erreserban izan. Eskaera aitzat hartua izan dela esan nahi du eta finantziazioa zehaztu zaiola. Baina krisiagatik Nafarroako Gobernua aspaldi ez du halakorik egin. Atzora arte. Aurrekoa 2009-2012 aldirako zen eta han jasotako lan asko atzerapen handiarekin egin dira. Orduko plan hartan ibarreko 47 lan egitasmorako 9.262.762,06 euro iritsi ziren.
Plan berria
Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak 2017-2019 Tokiko Inbertsio Plana aurkeztu zuen atzo, hiru urteetarako 100 milioi euroko funtsa duena. Haietatik 20 milioi euro banatuko dira aurten eta 40na milioi hurrengo bi urteetan. Sakanako udalek 31 egitasmotarako 4.643.736,5 euro eskuratu dituzte eta horrekin premia gehien duten lanak egiteko aukera izanen dute.
Bost inbertsio multzotan banatzen dira ibarreko erakundeek jaso duten dirua: argiteria, 4 lanetarako 705.154 euro; eraikin publikoen egoera hobetzea, 11 inbertsio egiteko 607.809 euro; saneamendu, ur hornidura eta euri uren sareak berritzeko 8 lanetarako 1.100.070,51 euro; ikastetxe baten urbanizazioa egiteko 92.022 euro eta kaleko zola eta sareak berritzeko 7 lanetarako 2.138.681.
Erreserban
Sakanako udalek ezin izanen dituzten nahi dituzten lan guztiak egin, departamentuak haiek proposatutako lan batzuk erreserban utzi dituelako. Argiteria eta sareak berritzeko dozena bana proiektu finantziaziorik gabe daude momentuz. Beste bost kaleetako zoladura eta sareak berritzeko proiektuak dira eta azken lauak udal eraikinen konponketarako. Edozein arrazoirengatik beste udalen batek bere diru-laguntzari uko eginen balio erreserban dagoen lanetako bat eginen litzateke. Erabaki hori, jakina, departamentuarena da.